Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Partida konplikatua izan zen ostiralean Santiagoko Lobellek eta Irurtzungo MRA Navarrak jokatu zutena. Lobellekoak 2-0 aurreratu ziren markagailuan, eta partida gori-gori jartzen ari zen, bi taldeetako jokalariak bero-bero baitzeuden. Bina berdintzea lortu zuen MRA Navarrak eta partida bukatzeko minutu bateko faltan 3-2 aurreratu ziren Santiagokoak, penalty polemiko bati esker. Nerbioak puri-purian, protestaka zeuden Imanol Arregi entrenatzailea, Cuco jokalaria eta delegatua kaleratu zituen arbitroak, eta segituan Lobelleren laugarren gola heldu zen. Hortik aurrera kantxan sekulako iskanbila izan zen eta segurtasun pribatuko eta publikoko indarrek kantxara egin behar izan zuten salto egoera baretzeko.Buelta ematearen beharraImanol Arregik onartu zuen MRAk arazoak izan zituela hasieratik. "Lehen zatian ez ginen ongi aritu, baina bina berdintzea lortu genuen eta hortik aurrera gertatu zena gertatu zen eta ez dut hori baloratuko, hobeto ezer ez esatea" azaldu zuen entrenatzaileak, haserre. Nahiz eta galdu eta jendea kanporatu "borrokatzen jarraitu behar dutela" nabarmendu zuen Arregik, "behean egotea ez dugulako merezi". Izan ere, ostiralekoarekin laugarren aldiz jarraian galdu du Irurtzungo taldeak. Egungo liderra El Pozo Murcia da, 15 punturekin eta MRA Navarra azkenaurrekoa da, 15.a, puntu bakar batekin. Gauzak asko zaildu zaizkio Irurtzungo taldeari eta egoerari buelta eman beharrean daude, moralki ere eragina baitu egoera honek. Hurrengo arerioa: PintoAsteburuan sailkapena ixten duen Milenium Pinto taldea hartuko du MRAk, euren antzeko egoeran dagoen taldea. MRAk puntu bakarra du eta Pintok, aldiz, ez du punturik. Hortaz, beheko postuetatik atera nahi duten bi talderen arteko lehia gogorra izango da ostiralekoa, Iruñeko pabilioi unibertsitarioan jokatuko dena.