Denboraldiko lehen garaipena lortu du MRAk

Guaixe 2009ko urriaren 26a

Irurtzungo MRA Navarra Xotak denboraldiko lehen garaipena lortzea merezi zuen, bereziki urduritasuna eta puri-purian zeuden animuak baretzeko. Eta garaipena ostiralean iritsi zen, etxean, Pinto taldeari 6 eta 2 irabazi eta gero. Sailkapeneko azken bi postuetan zeuden bi taldeen arteko lehia izan zen Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioak ostiralean hartu zuena. Imanol Arregi entrenatzaileak harmailetatik zuzendu behar izan zuen taldea, aurreko astean jasotako santzioa beteaz. Bere mutilak dena ematera atera ziren hasieratik eta bigarren minuturako lehen gola sartzea lortu zuten. Minutu bat behar izan zuen Pintok berdintzeko, baina handik gutxira atzera ere irurtzundarrak aurreratu ziren. Baina atsedenaldira iritsi baino lehen atzera ere berdintzea lortu zuten Pintokoek. Bigarren zatian MRA zorteko izan zen eta lau gol egin dituen segidan. Parrellek hat-tricka egitea lortu zuen, hau da, hiru gol sartu zituen, Ugek bi eta Usinek bestea. Garaipen handia izan zen, animuak lasaitzeko primerakoa. "Garaipen honek antsietatea kenduko die jokalariei, lasaiago eta solteago aritzeko. Egia esan, garaipena merezi genuen" zihoen Imanol Arregi entrenatzaileak partida bukatu eta gero. Ohorezko mailako liderra El Pozo Murcia da, 15 punturekin. Garaipenari esker MRA Navarra orain hamalaugarrena da, 4 punturekin. Larunbatean hamabosgarrena den Benicarló izanen dute aurkari irurtzundarrek, egoera korapilotsuan dagoen arerioa, hain zuzen. Hortaz, partida konplikatua izango da MRArendako.