Garai bateko rock eta euskal musika kontzertuak eta horietan sortzen zen giroa faltan bota eta, kontzertu erraldoia antolatzea erabaki zuen Irurtzungo taldeak. Horrela sortu zen Pikurock. Zortzi urte geroago, berezko lekua du Euskal Herriko jaialdien artean. Bihar ospatuko da gazte jaialdi paregabea Irurtzunen. 21:00etan emanen diote hasiera gazte jaialdiari. Aurretik, 19:00etatik aurrera, giroa berotzeaz arduratuko dira Tukuttun eta Zpeiz mukaki. Azken urteetan bezala, AHTren aurkako deiadarra eginen dute musikaren bidez.TaldeakUrtero bezala, talde entzutetsuak bildu ditu Pikurockek. Aurtengoan, Euskal Herriko taldeak izanen dira protagonistak. Estiloak, denetarikoak. Ekon da karteleko talde azpimarragarrienetako bat. Ibilbide luze eta oparoaren ondoren, 2003an aldi baterako agertokiak uztea erabaki zuen Arrasateko taldeak. Sei urte geroago, zuzeneko emanaldien adrenalina eta sugarraren gose, bira iragarri zuen Ekon taldeak. Beraz, kontzertu historikoa izan daiteke biharkoa.Sakandarrek ere leku nabarmena izanen dute musika jaialdian. Ska doinuak ekarriko ditu Luis Kalandraka eta Pello Reparazen Vendetta taldeak. Diskoaren aurkezpen birak Irurtzunera ekarri ditu sakandarrak. Irurtzungo kiroldegia dantzan jartzeko prest igoko da taula gainera. Tximeleta taldea izanen da sakandarren bigarren ekarpena. Piperrak, Korumba eta Zesatek taldeek osatzen dute kartela. Piperrak taldeak berak ekoiztutako La kemos liau diskoko abestiak ekarriko dituzte Sakanara. Kontzertu indartsua iragarri du Korumba taldeak. Azkenik Ze esatek! taldeak ikuskizun "ganberroa" ziurtatu du. 21:00etan hasiko da musika festa Irurtzungo kiroldegian. Baina aurretik, 19:00etatik aurrera, herriko kaleetan giroa berotzeaz arduratuko dira Tukuttun eta Zpeiz mukaki. Irurtzungo plazan hasi eta ondoren, Hamelingo txirularien pare, kalejiran kiroldegiraino eramanen dituzte herritar eta bisitariak. Pikurockera hurbiltzen direnek, gainera, txosna giroa, bokatak eta beste izanen dituzte. Kotxearen beharrik gabe, Jaibus zerbitzua izenen dute sakandarrek. SarrerakLehiatilan: 17 euro.Aldez arretik: 13 euro. Salgai daude Irurtzungo Pikuxar euskal txokoan eta Martxueta liburu dendan, Etxarri Aranazko Leku ona tabernan eta Altsasuko Lurrazpi tabernan. www.pikurock.com Jaialdiari buruzko informazio guztia aurki daiteke web orrian.