MRAk liderra jan zuenekoa

Guaixe 2009ko azaroaren 8a

Garaipen garrantzitsua lortu zuen larunbatean MRA Navarra Xota taldeak. El Pozo liderra hartzen zuen Irurtzungo taldeak, sekula irabazi ez duen talde ahaltsua, eta nahiz eta jaitsiera postuetan eta nahiko jota egon, sekulako kasta erakutsi zuten MRAkoak, 3-2 hartu baitzuten menpean El Pozo Murcia. Taldearen defentsa bikainak eta partida bukatzeko lau segundoren faltan MRAko Ossoriok sartutako golak ekarri zuten merezitako garaipena. El Pozoren kontrakoa oso partida konplikatua zen MRArendako. Irabazi beharra zuen MRAk puntuak bildu eta atzeko postuei agur esateko bidea egiteko, baina arerioa oso gogorra zen: El Pozo liderra, MRAk etxean sekula irabazi ez zuena. Baina partida hasi eta berehala aurreratzea lortu zuten irurtzundarrek. El Pozok berehala berdindu zuen baina handik gutxira atzera ere aurreratzea lortu zuen MRAk. Bigarren zatia lehiatua izan zen eta partidaren azken minutua, erotzeko modukoa. Azken minutu horretan bina berdintzea lortu zuen El Pozok, eta partida berdinketarekin despedituko zela zirudienean, arbitroak partida bukaera seinalatzeko lau segundoren faltan MRAko Ossoriok gola sartu eta Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioko  harmailak lehertzear jarri zituen. Ezusteko garaipena, guztiz merezitakoa, lortu zuten Imanol Arregiren mutilek. Aipatzekoa da partida zuzenean eskaini zuela Teledeporte kateak, eta denboraldi honetako areto futbol emankizunik ikusiena izan zen, tarteka 175.000 ikusle eta %1,4ko sharearekin. Garaipen horrek MRAren bolada txarra hautsi du. "Jokalariek bazekiten zein garrantzitsuak ziren hiru puntu hauek eta hasieratik dena ematera atera dira eta merezitako garaipena lortu dugu" zihoen Imanol Arregi entrenatzaileak, zaleek emandako babesa eta animoak gogoz eskertuz. Jokalariek defentsan egindako lan handiak garaipena ekarri zuela azpimarratu zuen. Zamora, arerio zuzenaGauzak horrela El Pozo Murciak lidergoa galdu zuen eta Inter Movistar taldea da Ohorezko Mailako lider berria, 20 punturekin. MRA Navarra 14.a da, 7 punturekin. Larunbatean, 9 punturekin sailkapenean hamabigarrena den Acerbansa Zamoraren kontra jokatuko du MRAk, Zamoran. Beheko postuetan arerio zuzenak dira Zamorakoak, eta hortaz ea MRAren bolada onak segida duen eta jokoan dauden hiru puntuak eskuratzen dituzten, Zamora atzean uzteko.