Irurtzungo erraldoiak liburura

Guaixe 2009ko azaroaren 18a

Irurtzungo Erraldoien Konpartsak 25 urte bete zituen joan zen urtean. Urte osoan zehar ekitaldi asko antolatu zituzten urtemuga ospatzeko, baina egitasmoetako bat ezin izan zuten amaitu. Urte bat beranduago, argia ikusi du Irurtzungo erraldoiei bizia ematen dien liburuak. Aintzi eta Erraldoien magia izena eman diote. Ipuina"Aintzi sei urteko neskatoa zen. Irurtzunen bizi zen gurasoekin eta erraldoiak oso bereziak ziren berarentzat. Magikoak zirela zioen!" Horrela hasten da liburua. Lehen orritik argi geratzen da zeintzuk diren liburuko protagonistak: Irurtzungo lau erraldoiak, Gartzia Ximenez, Amaia, Petronila eta Goñiko Teodosio eta haien lagun Aintzi. Irurtzungo sei urteko neskatxak eta haien lagun magikoek bizitako abenturak aurkituko ditugu liburuan. ElkarlanaElkarlanaren fruitua da Aintzi eta Erraldoien magia liburua: Konpartsako kide Amaia Albizu da liburuaren egilea. Marrazkiak, berriz, Irurtzungo marrazketa irakasle Isabel Garciak egin ditu. Marrazketa digitala eta maketazioa Xabi Unanuaren esku egon da. Liburuaren 600 ale argitaratu ditu Irurtzungo Erraldoien Konpartsak, euskaraz eta gaztelaniaz. Irurtzungo Atakondoa Eskolan eginen dituzte aurkezpenak, ipuin-kontaketa eta proiekzioarekin. Atzo izan zuten lehen aurkezpena eta gaur, astelehenean eta asteartean izanen dira hurrenak. Azaroaren 25etik aurrera Aintzi eta Erraldoien magia salgai egonen da Irurtzungo liburudendetan, 5 euroan. Eskolako ikasleek 2 euro eta erdian erosteko aukera izanen dute, aurkezpenean jasoko duten balearekin. Liburuari esker, erraldoien mundu magikoan murgiltzeko aukera edukiko dute Irurtzungo haurrek.