Jaitsiera postutatik kanpo

Guaixe 2009ko azaroaren 17a

Etxetik kanpoko denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Irurtzungo MRA Navarrak, larunbatean Zamora taldeari 1-3 irabazi eta gero. Horrela, sailkapenean Zamora taldeari aurreratzea lortu zuen MRA-k, eta jaitsiera postuak atzean uztea. Kontraerasoan izan ziren maisu MRA Navarrakoak eta zortea ere alde izan zuten. Horrela, atsedenaldira 0-2koa alde zutela joan ziren, Javi Eseverrik eta Araçak sartutako golei esker. Epaileak Zamorako Marcelo kanporatu eta gero, jokalari gehiagorekin aritzea mesede egin zion Irurtzungo taldeari eta Zamora oso jota utzi zuen horrek. Hala ere Zamorakoak saiatu ziren eta Irurtzungo postea lautan ere jo zuten, baina MRA-ko Juanito atezaina bikain aritu zen. Partida bukaera aldera, atezain-jokalari formula erabili zuen Zamorak eta hori ere gaizki atera zitzaien, kontraeraso baten ondorioz Ossoriok irurtzundarren hirugarrena sartu baitzuen 38. minutuan. Segundo batzuk igarota, Zamorakoak partidako gol bakarra sartu zuen, eta hor despeditu zen lehia. Inter Movistar taldea da Ohorezko mailako liderra, 24 punturekin. MRA Navarra Xota 12.a da, 10 punturekin, jaitsiera postutatik kanpo. Ostiralean, hilaren 20an, MRA Navarrak arerio zuzena hartuko du Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 20:30ean, 12 punturekin 11.a den Sala 10 Zaragoza taldea. Azken bi garaipenen atzetik polita litzateke beste garaipen bat lortu eta sailkapenean gora egitea. Ea hala den.