Ahaztu eta aurrera

Guaixe 2009ko azaroaren 24a

Azkeneko bi partidak irabazi eta gero ostiralean txanponaren beste aldea ezagutu zuen Irurtzungo MRA Navarra Xotak, Zaragozako Sala 10 taldeak 2-4 irabazi baitzion Iruñean jokatutako lehian. Arerio zuzenak ziren bi taldeak eta lehia gogorra espero zen. Ongi hasi ziren Irurtzungoak, lehenengo minutuan Parrellek gola eginez, baina Zaragozakoek berehala berdindu zuten. Bi taldeek gogotsu jarraitu zuten, baina bigarren zatian, 30. minutuan Zaragozak 1-2 aurreratzea lortu zuen, handik gutxira beste bi gol sartuaz. MRA jota geratu zen, partidari ezin buelta eman, eta nahiz eta 39. minutuan Rafa Usinek 2-4koa ezarri, hiru puntuak galdu eta Zaragozak sailkapenean MRA aurreratzea lortu zuen. Imanol Arregi entrenatzaileak lehen zatian ongi aritu zirela baina bigarren zati "oso txarra" egin zutela onartu zuen, "baloia astiro" mugitu zutela eta "ordenarik gabe" aritu zirela gaineratuz. Inter Movistar da Ohorezko Mailako liderra, 24 punturekin. MRA Navarra Xota hamabigarrena da, 10 punturekin. Larunbatean Torrejonen jokatuko dute Imanol Arregiren mutilek, 13 punturekin hamargarrenak diren Carnicer Torrejonen kontra. Sailkapenean arerio zuzenak dira madrildarrak, eta MRArendako komenigarria da hiru puntuak bildu eta sailkapenean gora egitea.