Berriro jaitsiera postuei begira

Guaixe 2009ko azaroaren 29a

MRA Navarra Xotak porrot egin zuen Madrilen, Carnicer Torrejonek 4-1eko garaipen argia lortu eta gero. Ez zen partida ikusgarria izan, baina madrildarrek David jokalariaren abilezia eta zorte ona baliatu zituzten partida irabazi ahal izateko. Uge eta Ossorioren bajak asko nabaritu zituen MRA Navarrak. Bi taldeak ongi hasi ziren jokatzen, gol aukera ederrekin, baina 6. minutuan Torrejoneko Davidek aurreratzea lortu zuen. MRAko jokalariei kosta egiten zitzaien madrildarren presioa gainditzea; gainera, atsedenaldirako bost minuturen faltan Davidek Carnicerren bigarren gola sartu zuen. Atsedenaldia eta gero atzean kokatu ziren Carnicerrekoak, kontraerasoan min egiteko asmoz. 30. minutuan lesiotik osatu berri zen MRAko Rafa Usinek 2 eta 1ekoa ezartzea lortu zuten, baina handik gutxira Carnicerrekoek penaltya sartzea lortu zuten. 3-1. Egoera korapilotsu horretan Imanol Arregi entrenatzaileak Araça atezain-jokalari postuan jarri zuen, baina taktika ez zitzaien ongi atera, partida bukaeran Jose Carlosek 4 eta 1ekoa ezarri baitzuen. Puntuak pilatzea ezinbestekoaOhorezko mailako liderra Inter Movistar taldea da, 27 punturekin. Galdu eta gero MRA Navarrak postuak galdu ditu eta orain hamairugarrena da, 10 punturekin. Egoera okertu da irurtzundarrendako, jaitsiera postuak bi puntutara dituztelako eta Kopa jokatu ahal izateko sailkatzea ia ezinezkoa delako. Hortaz, atzera ere egoerari buelta eman beharrean dago MRA Navarra eta horretarako aukera paregabea du ostiralean, abenduaren 4an, Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 16 punturekin zortzigarrena den Azkar Lugo taldea hartuko baitute. Bestalde, abenduaren 8an egun hamaikagarrena den Guadalara taldearen etxean jokatuko du MRAk. Ea puntuak pilatu eta jaitsiera postuak atzean uzten dituzten. Bestalde, aipatzekoa da Zaragozaren kontrako partidan lesionatu zen Mario Ossorio jokalaria hiru hilabete egongo dela bajan. Belaunean hartu zuen mina hegalak, eta meniskoa jostea erabaki du zirujauak. Hortaz, hiru hilabete eman beharko ditu osatzen.