Eustea da kontua

Guaixe 2009ko abenduaren 16a

Bi asteko epean hiru partida jokatu ditu ohorezko mailan dabilen Irurtzungo MRA Navarra Xota taldeak. Lehendabiziko lehian Guadalajarak 4-3 hartu zuen menpean MRA, bigarrenean Irurtzungoek 6-4 irabazi zioten Azkar Lugori eta ostiralean jokatutakoan MRAk eta Playas de Castellonek bina berdindu zuten. Emozioz betetako partida izan zen ostiralekoa. MRAk bigarren zatiko erdialdean bi goleko errenta lortu zuen Araçari esker eta bazirudien garaipena ziurra zela. Baina azken hiru minutuetan Playas de Castellonek atezain-jokalariaren formula erabili zuen eta Jose Revertek Castellongoen lehen gola egitea lortu zuen eta partida bukatzeko 15 segundoren faltan Rubenek berdinketaren gola lortu zuen. Hortaz, partida irabazita izatetik berdintzera pasatzeak galdu izanaren zaporea utzi zuen Iruñean. InterMovistar taldea da ohorezko mailako liderra, 30 punturekin. MRA Navarra Xota hamabigarrena da, 13 punturekin. Atzera begira daude irurtzundarrak, postu arriskutsuan baitaude, jaitsiera postuetatik 5 puntu eskasera. Hortaz, puntuak pilatu eta adi egotea derrigorrezkoa dute MRAkoek. Ostiralean jokatuko dute hurrengo jardunaldia, sailkapenean seigarrena den Real Cartagenaren kontra. Ea puntuak ekartzen dituzten.