Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkenengo porroten ondoren MRA Navarra Xotak irabazi beharra zuen eta hala egin zuen astearte gauean Bartzelonan jokatutako lehian. Partida ona izan zen: lehen zatian MRA Barcelona baino askoz gehiago izan zen - 0-2arekin joan ziren atsedenaldira - , eta bigarrenean kataluniarren presioari ongi eusten jakin zuten. Bukaeran 3-4 irabazi zuten irurtzundarrek, hiruna berdinduta zeudela azken segundoan Eseverri kapitainak Bartzelonako atea zulatu eta gero. Garaipena oso garrantzitsua izan da. "Bazen garaia" zioen MRAko entrenatzaile Imanol Arregik, garaipenaz gain bere jokalariek egindako jokoarekin oso pozik zegoela gaineratuz. Inter Movistar taldea da ohorezko mailako burua, 42 punturekin. MRA Navarra 12.a da, 17 punturekin, jaitsiera postuetatik 6 puntutara. Ohorezko Mailako ligak atsedenaldia izango du otsailaren lehendabiziko asteburura arte. Konpetizio erritmoari eusteko lagunarteko partidak jokatuko ditu MRAk.