Saihesbideko lanak urte bukaerarako has litezke

Guaixe 2010eko urtarrilaren 14a

Asterain-Irurtzun NA-7010 errepidean Irurtzungo saihesbidea eraikitzeko proiektua onartu du Foru Agindu bidez Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako Departamentuak. Horrekin batera, saihesbide egitasmoari aurkeztutako alegazioak erantzun ditu departamentuak. Partikularrek jasotako erantzunei gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete hileko epean. Herri Lan Departamentutik Irurtzungo alkate Txiki Iriarteri aurreratu diotenez, "haien asmoa da urtearen erdialdean lanak emateko deialdia egitea eta urtea despeditu aurretik lanak hastea". Irurtzungo Udalak aurkeztutako alegazioei departamentuak emandako erantzunez galdetuta, Txiki Iriartek esan digu gobernuak "gehienak jaso" dituela. Onartu ez direnen bi alegazio aipatu dizkigu alkateak. Batetik, Irurtzungo Udalak eskatu zuen igerileku ondoan dagoen urbanizazioko kalearen luzapena egitea, kiroldegiko aparkalekuraino eta han borobil bat egitea. Hori egitean, orain arteko eraikitakoaren irizpide berberak mantentzea eskatu zuen udalak; hau da, 3 metroko espaloia, aparkalekuak errenkadan bi aldeetan, 7,0 metroko galtzada, eta, denera, 17,4 metroko zabalera. Alegazioa ez da onartu eta udalak hori egin edo ez aztertu beharko du. Irurtzungo Udalak, bestalde, Aralar kalearen parean proiektatu den biribilgunetik hurbil oinezkoentzako gaineko pasabide bat egitea eskatu zion departamentuari. Udalak argudiatu zuen, industrialderako bidea dela, eta herritarrek asko erabiltzen dutela. Eskaera atzera bota denez, Txiki Iriartek aurreratu digu biribilgune inguruan ibilgailuen abiadura murrizteko neurriak hartzea eskatuko diotela departamentuari.