Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Otsaileko azkeneko asteburuko egun batean Irurtzungo festen datari buruzko herri galdeketa eginen da. Erabakitakoa aurtengo festei eraginen die. Irurtzungo Udalak herritarrei bi aukera eskainiko dizkie: festak daudenean uztea (ostiral arratsaldetik asteazkenera) edo aldatu nahi duten. Aldaketarako bi proposamen daude: asteazkenetik igandera arte ospatzea festak edo ostegunetik astelehenera. Bi aukera hauek ospakizunetarako bost egun aurreikusten dituzte. Festak, orain arte bezala, garileko hirugarren asteburuan izanen dira, hori bai. Udaletik jakinarazi digutenez, "azken urteetan gaia gazteek, ostalariek eta dendariek atera dute. Asteburuan giroa dagoela, baina gero asko jaisten dela diote". Udalera iritsitako iritziak Kultur Kontseiluari jakinarazi zizkion. Horrek hilaren 20an herri batzarra deitu zuen eta herri galdeketa egitearen alde azaldu zen. Horrekin batera, galdeketa loteslea izateko gutxieneko parte hartze kopuru bat zehaztu behar zela adostu zen. AldaketakIrurtzungo patroia San Martin da, eta azaroaren 11n ospatzen ziren garai batean festak. Soinujolea eta pilota partidak baino gehiago ez ziren. Eguraldi kaxkarragatik Trinitate egunean ospatzea deliberatu zen. 1950 eta 1960ko hamarkadetan jendez lepo beterik egoten zen herria; batez ere, igandea eta Corpus egunean (beti azken eguna). Baina gerora, ikasleak kanpoan ikasten zeudelako garilera aldatzea erabaki zuen herri batzar batek.