Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igande eguerdian asko izan ziren Irurtzungo plazako aterpeetara hurbildu ziren haur eta gurasoak. Mahai luzeetan makina bat popin, puzzle eta jolas zeuden. Aurreko astean Atakondoa eskola publikoan jaso zituzten gehienak, baina izan zen igandean ere trukean parte hartzeko jostailua eraman zuen haurrik. Ekimenaren helburua jostailu trukaketa egitea zen: hau da, etxeetan erabili gabe baina egoera onean zeuden jolasak eraman zituzten haurrek, eta trukean beste jostailu bat hartu ahal izateko txartela jaso zuten. Horrela, mahai luzeetan pilatutako jostailu eta jolasetatik makina bat haurren begirada pasa zen. Ez zen gutxirako, eskutan zuten txartelak haietako batekin trukatzeko aukera ematen zien eta. Batzuk azkarrago, zalantza askoren ondoren besteak, aterpetik pasa ziren haur guztiak trukatutako jostailu batekin bueltatu ziren etxera. Txikiekin batera, gurasoek ere joko kooperatiboak ezagutu eta haiekin jokatzeko aukera izan zuten. Guztia Atakondoa eskolako guraso elkarteak, Itxipuru Taldeak eta Irurtzungo eskualdeko Gizarte Zerbitzuek antolatuta izan zen. Antolatzaileak pozik zeuden ekimenak izandako erantzunarekin, eta arrakasta, hein handi batean, talde guztiak inplikatu izanagatik izan zela argi zuten. "Eskolan jostailu bilketa egitea ideia bikaina izan da, Atakondoako haur guztiek parte hartu dutelako. Eta horretaz gain jende asko etorri zen igandean bertan bere jostailuak ekarri eta beste batzuekin trukatzera. Jakina, haurrak pozik zeuden, gustukoa zuten jostailu "berri" bat eraman zutelako etxera" zioten. BanaketaIgandean jaberik gabe gelditu ziren jolas eta jostailuak haurren arloan lan egiten duen elkarte bati emanen dizkiote. Bestalde, Atakondoako guraso elkarteko kideek aurreko ostiralean haur premiadunei edo beharra dutenei ere jostailuak eman zizkien.