Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hilabete pasako geldialdia izan du Ohorezko Mailako Areto Futbol Txapelketak. Lehenik Gabonak zirela, eta bigarrenik Europako Areto Futbol Txapelketa jokatu dela, Irurtzungo MRA Navarra Xota taldearen jarduna eten egin da. Txapelketaren erritmoari eusten saiatzeko lagunarteko partidatan aritu dira Imanol Arregiren gizonak, baina heldu da, azkenean, Ohorezko mailako ligara bueltatzeko garaia. Gaur, ostiralean, sailkapenean 12.a den MRA Navarrak seigarrena den Caja Segovia hartuko du Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 20:30ean hasiko den norgehiagokan. Javi Eseverri kapitaina Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketa irabaztetik dator, eta ikusi beharko da nola itzuli den. Ildo honetan, Espainiako selekzioan aritzeari utzi dio Otsagikoak "garaia heldu delako eta jende berriari bidea utzi behar zaiolako". Bestalde, kantxan nabarituko da jokalariak hilabete pasa egon direla jokatu eta gero. MRA Navarrak beheko postuetatik ihes egiteko erronka handia du, eta horretarako hasieratik irabaztera atera beharko da. Xotatik adierazi dutenez Ossorio, Juanito eta Robert baja izango dira eta Willianek debutatu egingo du. MRA Navarra Xotak eta Lotto Sport taldeak babesle hitzarmena berritu dute eta Italiako etxeak atzera ere Irurtzungo taldea jantziko du 2010-2011 denboraldian. Lottok 15 denboraldi daramatza Xota janzten.