Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Otsailaren 14an, igandean, 18:30ean, Irurtzungo kultur etxean. Iazko esperientzia ederraren ondoren, atzera ere, gazteendako antzerki tailerra antolatu du Irurtzungo Gizarte Zerbitzuak. 12-17 urteko gazteei egin diete eskaintza. Tarte horretako gaztetxoenek, 12-14 urtekoek erantzun zioten deiari. Zortzi bat lagunek osatzen dute taldea, Irurtzungoak gehienak, baina badira Gulinakoak ere. Azaro erdialdetik Irurtzungo kultur etxean biltzen dira larunbat arratsaldero, deshinibizioa, inprobisazioa eta antzezpena lantzeko. Erkuden de Andres altsasuarra izan dute gidari. Hiru hilabeteren ondoren, Irurtzungo Quartet Bikoitza taldea sortuta, oholtza gainera igoko dira lehen aldiz igandean. 7 pieza teatraletarako kon...tzertua lana eskainiko du Irurtzungo Gazteen Antzerki Taldeak. AntzezlanaIaz film laburra grabatu bazuen, aurten antzerkiaren alde egin du Erkuden de Andresek. Bazen iazko taldean parte hartu zuen bakarren bat, baina gehienendako esperientzia berria zen. Beraz, huts hutsetik abiatu behar izan du taldeak. Deshinibizioa eta inprobisaziotik abiatu eta pertsonaiak lantzen hasi ziren taldean. Hortik sortu da igandeko antzezlana. Izenak berak dioen bezala, zazpi pieza teatralek edo esketsek osatzen dute antzerkia. Kontzertu berezi batek lotuko ditu pieza horiek. "Ez da antzerki arrunta, hasiera, korapiloa eta amaiera duena. Collage moduko bat da" azaldu digu Erkudenek, "baina bada guztia lotzen duen hari bat". Gazteen ideietatik abiatuta, Erkuden de Andresek egin du antzerkiaren gidoia. Bera arduratupean daude zuzendaritza, dramaturgia, argiak eta soinua.Aisialdi osasungarriaBigarren urtez jarraian, Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzutik antzerkia egitera animatu dituzte herriko gazteak. "Iaz, Irurtzungo diagnosiaren barruan, antzerkia lantzea gustatuko litzaiekeela esan zuten gazteek. Horregatik antolatu genuen ikastaroa" azaldu digu Gizarte Zerbitzuetako hezitzaile Ekiñe Ramosek. Gazteek gustuko dituzten ekintzak antolatu nahi izan ditu Gizarte Zerbitzutik. Bide batez, trebetasunak landu eta esperientzia berriak landuta, norbere erabakiak hartzeko gai diren gazte independenteak hezi nahi dituzte.Aisialdi osasungarria landu bitartean, ederki pasa dute Irurtzungo gazteek; esperientzia polita izan da. Egindako lanaren emaitza ikusteko garaia heldu da. Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eta Erkuden de Andresek antzerkia ikustera animatu dituzte herritarrak. Sarrera doan izanen da.