Santa Colomaren kontra irabazi beharra dago

Guaixe 2010eko otsailaren 9a

Hilabete pasako atsedenaldia eta gero, asteburuan Ohorezko Mailako Areto Futbol Txapelketa itzuli zen. MRA Navarra Xotak Caja Segovia taldea hartu zuen etxean, eta nahiz eta irurtzundarrek ongi jokatu ezin izan zuten irabazi.Partida hasi eta berehala MRA aurreratu zen, Parrellek egindako jaurtiketa bikain baten ondorioz. Zaleak pozik zeudela MRArekin debuta egin zuen Williamek. Gol aukerek jarraitzen zuten baina MRAk ez zuen aztatu, eta kontrakoa gertatu zen: atsedenaldia baino lehen erremontatzea eta 1-3 aurreratzea lortu zuen Caja Segoviak. Bigarren zatian egoera berbera errepikatu zen: etxekoak aurreratu ziren baina gero Caja Segoviakoak ziren kontrako atean aztatzen zutenak, eta MRAk zituen gol aukera guztiak ez zituen aprobetxatzen. Nolanahi ere, 4-5era gerturatu zen MRA Navarra, eta egoerari buelta emango ziola zirudienean Caja Segoviak bi gol sartu zituen, eta horrela despeditu zen lehia, 4-7 galduta. Imanol Arregi entrenatzaileak azaldu zuenez "geure akatsengatik galdu dugu. Gol aukera ugari izan ditugu eta ez dugu haztatu. Punteria faltagatik galdu egin dugu". Horrela, azpiko postuak atzean uzteko primerako aukera galdu du MRA Navarrak.  El Pozo Murcia da liderra, 43 punturekin. MRA Navarra Xota hamahirugarrena da, 17 punturekin. Irurtzungo taldeak hiru puntura ditu jaitsiera postuak. Ostiralean, 24 punturekin sailkapenean zazpigarrena den Marfil Santa Coloma taldea hartuko du Xotak, 20:30ean, Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan. Puntuak bildu eta gora begiratzeko garaia heldu zaio Irurtzungo taldeari.