Punto de Vista jaialditik Irurtzunera

Guaixe 2010eko otsailaren 17a

Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak mundu zabaleko dokumentalik onenak biltzen ditu urtero-urtero Iruñean. 2005etik zinema dokumentalen sortzaile handien bilgune bihurtzen da otsailean Nafarroako hiriburua. Jaialdiaren itzala Sakanara iritsiko da datorren astean. Iruñeko urteroko hitzordua baliatuta, Irurtzungo kultur etxean 2009ko edizioko lanik onenak proiektatuko dira, ostegunean eta ostiralean, 20:00etan. Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen Intimidades de Shakespeare y Victor Hugo dokumentala ikusi ahal izenen da ostegunean. Hilaren 19an, ostiralean, berriz, saio bikoitzarekin gozatu ahal izanen da. Zuzendari Onenarendako Jean Vigo Saria jaso zuen Mirages (Espejismos) eta Film Labur Onenaren Saria jaso zuen Lost word (Mundu galdua) ikusi ahal izanen ditugu. 13 film luzeren eta 13 film laburren artean nagusitu ziren aipatutako dokumentalak. 603 lan aurkeztu ziren lehiaketara.SinopsiakIntimidades de Shakespeare y Victor HugoMéxico, 2008. Zuz: Yulene Olaizola. 85 min. Epaimahaiaren Aipamen Berezia.Mexiko hirian, Shakespeare eta Victor Hugoren kantoian du ostatua zuzendariaren amonak. Denetariko pertsonaiak pasa dira bertatik. Esaterako, Yulenek 10 urte zituela Jorge Riosse abeslari eta margolaria pasa zen. Gizon berezia zen aminarendako; artez eta maitasunez bete zuen bere etxea. Baina aldi berean dozena bat emakume hil zituela susmatzen zuen. Mirages (Espejismos)Frantzia, 2008. Zuz: Olivier Dury. 45 min. Zuzendari Onenarendako Jean Vigo Saria.Egunero-egunero, guretik milaka kilometrora, esperantzaz beterik, Europarako bidea hartzen dute dozenak alagunek. Lehen egunetan, Nigeriatik Aljeriarako mugan, basamortuaren laztasuna gainditu behar dute. Etorkin horien bidaia ageri da dokumentalean. Gerora dokumenturik gabeko etorkinak izanen dira, baina, une batez bada ere, filmak identitatea emanen dio bidaiari bakoitzari. Los world (Mundu galdua)Hungaria-Finlandia, 2008. Zuz: Gyula Nemes. 20 min. Film Labur Onenaren Saria.Budapest erdialdeko txoko galdu bateko Kopaszi presaren bizia, eraispena eta berreraikuntzaren jarraipena egiten du 10 urtez. Ur gaineko edo egurrezko etxetan bizi diren pertsonak dira protagonista. Uholdeen, elurraren eta handik kanpo ikustea nahi dituzten inbertitzaileen aurka egin beharko dute borroka. 10 urte 20 minututan laburtuta. Punto de VistaNafarroako Gobernuko Vianako Printzea eta Kultura eta Turismo Departamentuak antolatzen du Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia. Urtetik urtera, ugaltzen doa jaialdira aurkezten diren dokumentalen kopurua. Aurten, esaterako, 719 film aurkeztu dira. Horien artean aukeraketa egin, eta 14 film luze eta 7 film labur lehiatu dira sekzio ofizialean. Fikziozkoak ez diren ikus-entzunezkoak dira: egile-dokumentalak, sormen dokumentalak, dokumental esperimentalak edo egunkari-zinema. 26.000 eurotik gora daude saritan. Gonzalez Acilu jaialdianSekzio ofizialetik kanpo, zenbait lan ikusi daitezke Punto de Vista Jaialdian. Horietako atal berezi batean mustu zuten astelehenean Silencio, tiempo, memoria dokumentala. Agustin Gonzalez Acilu da dokumentalaren protagonista. Altsasuko konpositoreak bere ibilbide oparoan ardatz izan diren printzipioen inguruan hausnartzen du. Bere pentsamendua, lana eta jarreratik abiatuta musikara iristen da, edo Gonzalez Aciluk dioen moduan, isiltasuna, denbora eta memoriara. "Konposatzea, musikaren bidez adieraztea askatasuna irudikatzea da" dio altsasuarrak. Agustin Gonzalez Acilu 51ko Belaunaldian kokatzen dute adituek. Bere ibilbide sortzaileagatik nabarmendu da. Ehundik gora lan eta hamarka publikazio ditu eta sari handiak jaso ditu, iaz, esaterako Principe de Viana saria jaso zuen. Datu horiekin guztiek argi uzten dute Altsasuko musikariaren maila. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak lekua egin dio Vídeos/Documentos con artistas ikus-entzunezkoen bilduman. Blanca Oriaren eta Juan Zapaterren esku egon da zuzendaritza eta gidoia.    Iaz aipatu bildumako lau dokumental argitaratu zituen Nafarroako Gobernuak. Horietako batek beste sakandar bat zuen protagonista: Jose Ramon Anda bakaikuarra. Bere unibertsoa jasotzen zuen Pulso a la materia bideo-dokumentalak.