Lanuzteak Sapako lantegian jarraipen zabala izan zuen

Guaixe 2010eko otsailaren 24a

Astelehenean lan txanda bakoitzean ordu bateko lan uztea egin zuten Sapa Profiles Navarrako lantegiko langile gehienak. Bulegoetako bi langile ere batu ziren protestaldira. Enpresa batzordeak (CCOO 3, LAB 2, ESK 2 eta UGT 1) deitu zituen lan uztea egitera, Enpresako zuzendaritzak espedizio biltegiaren jarduna azpi-kontratatzeko asmoaren kontra protesta egiteko. Lan uztearen balorazio "nahiko positiboa" egin zuen enpresa batzordeak.Lan uztea egin zen bitartean, langileen batzarrak egin ziren. Haietan erabaki zen enpresa batzordea zuzendaritzarekin biltzea, enpresak azpi-kontratazio asmoan atzera egin dezan. Izan ere, langileen ustez azpi-kontratazioak "lanpostu finkoak desegitea eta enplegu ez-egonkorregatik ordezkatzea dakar". Langileen ordezkariak ostiralean bilduko dira berriro zuzendaritzarekin. Aurreko ostiralean ere bildu ziren, baina enpresatik esan zieten erabakia hartua zegoela. Enpresaren iritziaAstelehen goizean zuzendaritzak bere iritziaren berri ematen zuen idatzia banatu zien langile guztiei. Idatzian zuzendaritzak dio 2008 eta 2009 urteetan galerak izan zituela Irurtzungo lantegiak (11.250.000 euro eta 6 milioi euro zerga aurretik). Zuzendaritzak bere oharrean dioenez, bi urte horietan Irurtzungo lantegia Sapa taldeko extrusio arloko "emaitzarik txarrenak eta hirugarren emaitzarik txarrenak izan zituen lantegia izan ginen".  Matteo Luppik idatzian dioenez, "ahalegin guztiak lantegiaren etorkizuneko bideragarritasuna bermatzera bideratuta" daude, "eskaera asko jaitsi den unean eta lehiakortasun erasokorragoa denean". Arlo horretan zuzendaritzak egindako hainbat ekimen zerrendatu eta gero, zuzendaritzak dio "kostuak murrizteko egitasmoetan sakondu behar" dutela, "gure egoera ekonomikoa hobetzeko". Sapa taldeko hainbat lantegitan, baita estatukoetan ere, biltegia azpikontratatuta dagoela jakinarazi du zuzendaritzak. Horrekin batera, jakinarazi du ez dagoela kontraturik sinaturik, baina biltegiko lana egiteko enpresa bat badutela. Horrekin batera, Luppik jakinarazi du erabakiak ez duela "oraindik gauzatzeko datarik". Horrekin batera, Sapako zuzendaritzak bere idatzian dio " enplegu maila mantentzea defendatu" duela.