Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kontrako atean asmatzeko arazoak ditu MRA Navarra Xota taldeak. Primerako jokoa egiten du Irurtzungo taldeak, ongi aritzen da eta garaipena lortzen saiatzen da, baina jokaldiak borobildu eta golak egiteko arazoak dauzka. Krisiaren eraginez aurrekontua murriztu eta puntako golegileei agur esan behar izan zien taldeak eta hori nabari da. Baina nahiz eta ostiralean Marfil Santa Colomaren kontra hori gertatu, azkenean Imanol Eseverri kapitainak duen garra guztia atera eta garaipenaren gola sartzea lortu zuen, taldeari urrezko hiru puntu emanez. Gol aukera ugari izan zituzten Xotakoek, bigarren zatian bereziki, baina horietako asko ez ziren sartzen. Xotakoak izan ziren aurreratu zirenak, Javi Eseverriren gol bati esker, baina bere zelaitik apenas atera zen Marfilek berdintzea lortu zuen. Ondoren kataluniarrak izan ziren aurreratu zirenak, baina handik gutxira berdindu zuen Xotak. 19. minutuan 2-3 aurreratu ziren Marfilekoak, eta ondoren etorri ziren MRA Navarrakoen une larrienak, bikain jokatu eta kantxan nagusi zirelako, baina ez zuten asmatzen. Ez zegoen modurik. Baina zortea alde izan zuten eta lehendabizi Rafa Usinek eta bukaeran kapitainak, taldeari garaipena ekarri zioten. Eseverri ezinbestekoa dela argi geratu zen. Imanol Arregi entrenatzaileak azaldu zuenez, "gol aukera ugari sortu ditugu. Garaipen sufritua izan da baina merezitakoa. Lasaitasuna lortu dugu eta konfiantzan ere irabaziko dugu". El Pozo da liderra, 46 punturekin eta Inter Movistar bigarrena, 42 punturekin. MRA Navarra hamabigarrena da, 20 punturekin. Jaitsiera postuak atzean uzten ari da Irurtzungo taldea eta lasaitasun punttu bat lortu du larunbatean Madrilera joateko. Izan ere, partida erabakiorra du jokoan MRA Navarrak: bigarrena den Inter Movistar talde ahaltsuaren kontra aritzea. Zalantzarik ez partida ikusgarria izango dela, lidergoa lortzeko Inter puntuak pilatu beharrean baitago eta azken postuak atzean uzteko MRAk ere puxtarriak behar dituelako. Ea MRAkoek horren ongi jokatzen jarraitzen duten, baina jokaldiak borobiltzen dituzten.