Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
MRA Navarra Xotak lehia konplikatua zuen asteburuan Madrilen: sailkapenean bigarrena den eta ligako titulua irabazteko hautagaietako bat den Inter Movistar talde ahaltsuaren kontra aritzea. Aurrekontuari eta jokalariei dagokionez talde askoz indartsuagoa da Madrilgoa, eta faborito nagusiak ziren. Gainera, kantxa faktorea alde zuten. Baina MRA Navarrak garaipen zaporea duen berdinketa lortu zuen Alcalá de Henaresen. Lehendabiziko minututik gola egitera atera ziren Imanol Arregiren mutilak. Eseverri eta Parrelen jaurtiketak etxekoak izutu zituzten, baina Interreko Juanra, Bacaro eta Marquinhok ere aukera politak izan zituzten. Atsedenaldira husnako berdinketarekin heldu eta gero, nola edo ahala irabaztera atera ziren Interrekoak. Horrela, etxekoak bost minututan aurreratzea lortu zuten Marquinhori esker. Baina handik gutxira Parrelek ezkerraldetik zentrora eginiko pase bikain bat primeran probestu zuen Eseverrik, berdinketaren gola egiteko. Nahiz eta partidako azken sei minutuetan Inter Movistar atezain-jokalari formularekin aritu, MRA Navarrak eusktea lortu zuen, eta banako berdinketarekin despeditu zen lehia. Imanol Arregi entrenatzailea kontentu zegoen horren kantxa konplikatutik puntu bat lortu izanagatik. "Partida polita izan da, ikusleendako ikusgarria eta oso paretsua. Atezainek lan bikaina egin dute, eta atea gehiagotan zulatzea ezinezkoa izan da" zioen entrenatzaileak. El Pozo Murcia taldea da ohorezko mailako liderra, 49 punturekin. MRA Navarra 12.a da, 21 punturekin. Bihar, martxoaren 3an, asteazkenean, MRA Navarrak hirugarrena den Santiagoko Xacobeo 2010 taldea hartuko du Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 20:30etik aurrera. Partida gogorra izanen da, baina ea irurtzundarrek puntuak pilatu eta jaitsiera postuen mamua uxatzen duten. Asteburuan Madrilen jokatuko du MRA Navarrak, azkena den Pintoren kontra.