Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan bigarrena den Inter Movistarren kontra Madrilen garaipen zaporea zuen berdinketa lortu eta gero, asteazken gauean sailkapenean hirugarrena zen Lobelle Santiago menpean hartu zuen MRA Navarra Xotak. Garaipen oso inportantea izan da Irurtzungo taldearendako, beheko postuak atzean uzten ari baita. Sufritutako garaipena izan zen. Hasieratik partidaren jabe egitera atera ziren berdeak, eta horrela, atsedenaldira 3-0ko garaipenarekin joan ziren Roberten bi golei eta Parrelen golari esker. Galiziarrak aukerak izan zituzten, baina ez zuten asmatu. Bigarren zatian egoerari buelta ematera atera zen Lobelle, eta penaltyz gol bat sartzea lortu zuten. MRAko Cucok 4-1ekoa ezarri zuen, baina hala ere Xotakoak ez ziren lasaitu, Lobellekoek oso estu hartu baitzituzten. 12 minutu jokatu zituzten atezain-jokalari formularekin. Eraso azkarrak egiten zituzten galiziarrek eta epe laburrean bi gol sartu zituzten, 4-3ra hurbildu arte. Baina MRAren Gascon atezainak egoera salbatu zuen, bikain aritu baitzen. Azkenean, 38. minutuan, Parrelek 5-3koa ezarri zuen markagailuan eta horrela despeditu zen lehia. Imanol Arregi entrenatzailea pozik zegoen garaipenarekin. "Asko sufritu dugu baina garaipena justua izan da" zihoen. El Pozo Murciak jarraitzen du lider, 52 punturekin. MRA Navarra 11.a da, 24 punturekin, eta beheko postuekin tartea zabaltzea lortu du. Larunbatean Madrilen jokatuko dute, 18:30ean, sailkapenean azkena den Pintoren kontra. Partida oso konplikatua izanen da, Pinto nola edo ahala puntuatzen saiatuko baita. Ea MRA Navarraren bolada onak jarraipena duen.