Irabaztera derrigortua dagoen Benicarló hartuko du MRA Navarrak

Guaixe 2010eko martxoaren 11

MRA Navarrako entrenatzaile Imanol Arregik aurretik esana zuen sailkapenean azkena den Pintoren kontrako partida "oso konplikatua" izanen zela eta irurtzundarrak bete-betean asmatu zuen, bi taldeen arteko lehia binako berdinketarekin despeditu baitzen. Pintok ez du ezer galtzeko eta hortaz dena ematera atera zen. Horregatik, lehen zatian madrildarrek dominatu zuten. Etxekoak izan ziren aurreratu zirenak, MRA Navarrako Araçak Pintokoen kornerra erantzuterakoan bere atean sartutako gol bati esker. Atsedenaldiaren ondoren bi taldeak oso erasokor aritu ziren eta horrela Parrelek berdintzea eta Araçak 1-2 aurreratzea lortu zuen. Baina Pintok jokalari-atezain formula erabili eta bina berdindu zuen partida despeditzear zegoela. Sailkapen orokorrean El Pozo Murcia da liderra, 55 punturekin eta MRA Navarra 10.a da, 25 punturekin. Ostiralean hurrengo jardunaldia dago jokoan eta Irurtzungo taldeak jaitsiera postuak oso gertu dituen Benicarló taldea hartuko du ostiralean, 20:30ean Arrosadiako pabilioian, Espainiako irristaketa txapelketa dela eta Pabilioi Unibertsitarioa okupatuta baitago. Benicarlok puntuatzeko behar izugarria du eta hortaz lehia ikusgarria espero da Iruñean.