Gaztelekuk ezustekoan kanporatu du Irurtzun Berria Txapelketatik

Guaixe 2010eko martxoaren 10a

Gazteleku 56 - Irurtzun 48Kadeteak: Jauregi-Tolosa 22 - Ansa-Otamendi 11Gazteak: Irastortza-Ulanga 22 - Barberena-Beraza 15Nagusiak: Eskudero-Erreka 12 - Ansotegi-Zabaleta 22VII. Berria Txapelketan sorpresak eta ezustekoak nagusi izaten ari dira. Horrela, aurretik Arbizuko Aldabide kanporatzetik zetorren Andoaingo Gaztelekuk sorpresa eman du eta Irurtzun kanporatu du final laurdenetan. Lehen fasean hasi zen lehian Gazteleku eta finalerdietara iritsi da, Txaruta, Aldabide eta Irurtzun bidean utzita. Gainera, hiru kanporaketak tantoei esker irabazi ditu. Kadeteen partidak hasiera orekatua izan zuen, baina hortik aurrera Andoaingo atzelariak, Xabier Tolosak, agindu zuen (10-4). Ansa eta Otamendi hurbildu ziren (13-10), baina azken txanpan Gaztelekuk zuzenean egin zuen bukaerara, 22-11 irabaziz. Gazteetan ere orekatu hasi ziren bi taldeak (7-7). Mikel Beraza atzelari irurtzundarra bikain aritu zen, baina Julen Ulangak ongi eutsi zion. Partida erdialdian pilota bat eskuan sartu zitzaion Berazari eta Asier Irastorzak jokoan sartzeko aukera izan zuen, Andoaingoak 14-9 aurreratuz. Errenta hori handituz joan zen eta azkenean 22-15 gailendu ziren gipuzkoarrak. Hortaz, Andoaingo taldeak nagusien partidan lau tanto egitea aski zuen sailkatzeko. Lana erraza zirudien, baina kalbario bat izan zen, Ansotegi eta Zabaleta irurtzundarrak jaun eta jabe izan baitziren. Zabaleta atzelariak sekulako erakustaldia eman zuen, baina Jon Ansotegiren huts batek sakea Jon Eskuderoren esku jarri zuen eta gipuzkoarren aurrelariak ondo baliatu zuen jokoa bazterrak nahasi eta beharrezkoak zituzten lau tanto egiteko, markagailuan 4-15 ezarriz. Partidak aurrera egin zuen eta azkenean 12-22 gailendu ziren irurtzundarrak. Nagusietan sekulako nagusitasuna izan zuten Irurtzungoek, baina gazteetan eta kadeteetan gipuzkoarrak gehiago izan ziren.