Irurtzungo Antzerki Tailerra bizikleta gainean

Guaixe 2010eko martxoaren 12a

Gaur, 20:00etan eta 22:30ean, bihar, larunbatean, 20:00etan eta igandean, 19:00etan, Irurtzungo kultur etxean.Irurtzungo Antzerki Tailerrak Aquí no puede haber guerra antzezlana estreinatuko du asteburuan Irurtzungo kultur etxean. Laugarren urtez jarraian, Angel Sagüesek gidatu du antzerki tailerra. Bera da, hain zuzen, asteburuan taularatuko den antzezlanaren zuzendaria eta dramaturgia arduraduna. Guztira lau emanaldi eskainiko dira: ostiralean bi eta larunbatean eta igandean bana. Gerra zibilaFernando Fernan Gomezen Las bicicletas son para el verano lanaren egokitzapen librea egin du Irurtzungo taldeak. Maisutasunez idatzitako eta xehetasunez betetako lana da. Horregatik, gaur egungo antzerki munduan oinarrizkoa da. Askotan antzeztu da eta zinemara ere eraman dute, arrakasta handiz. Obra ezagunaren bertsio librea eskainiko du Irurtzungo Antzerki Tailerrak. Aquí no puede haber guerra eman diote izena. Espainiako gerra zibilean kokatuta dago. Madrilen bizi den familia baten gorabeherak kontatzen ditu. Irurtzungo Antzerki Tailerrarendako erronka handia izan da horrelako testu aberatsa eta zaila taldera hurbildu eta egokitzea. "Lanaren zentzua errespetatzeko ahalegindu gara" diote. Ikusleei dagokie lana epaitzea. "Gure lana baloratzea eta ongi pasatzea espero dugu" diote tailerreko kideek.Talde anitzaKultur Kontseiluak antolatuta, bederatzi urte egin ditu Irurtzungo Antzerki Tailerrak. Asun Abaden zuzendaritzapean aritu ziren lehen bost urteetan. Azken lau urteetan, berriz, Angel Sagüesek hartu du Irurtzungo taldearen ardura. Badira taldean hasiera-hasieratik daudenak. Beste batzuk, berriz, urtetik urtera egitasmora batu dira. Egun, 12 lagunek osatzen dute taldea. "Adin, sexu eta egoera desberdineko pertsonek osatzen dugu taldea" diote. "Hortik sortu den energiak asko lagundu du sormen artistikoa eta ikuskizuna jendearengana iristea erraztu du" azaltzen dute. Lau emanaldiIrurtzungo Antzerki Taldearen ibilbidea luzea bezain arrakastatsua da. Ikusleen ikusmira ase nahian, lau emanaldi eskainiko dituzte Irurtzungo kultur etxean. Saio bikoitza izanen da gaur, 20:00etan lehena eta 22:30ean bigarrena. Bihar, larunbatean, 20:00etan izanen da emanaldia. Azkenik, igandean, 19:00etan igoko dira oholtza gainera. Sarrerak salgai daude Irurtzungo udaletxean eta kultur etxean, 3 eurotan. Aquí no puede haber guerraAntzezleak: Mª Eugenia Barroso, Maria Esparza, Txeli Garcia, Tere Otxoa, Genma Matxain, Maite Ruiz de Larramendi, Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi, Ramona Franco, Andoni Ruiz, Peio Alzueta, Lorena Arangoa eta Ruben Villar.Arroparen diseinua: Antzerki TailerraArgiak: Angel SagüesKartelaren diseinua: Xabier UnanuaDramaturgia eta zuzendaritza: Angel SagüesAntolatzaileak: Irurtzungo Antzerki Tailerra eta Irurtzungo Kultur Kontseilua