Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Horrela aritu ziren Irurtzungo Antzerki Tailerreko antzezleak. Ostiraletik igandera, lau aldiz antzeztu zuten Aquí no puede haber guerra antzezlana, etxekoen aurrean. Arrakasta itzela izan zen: lau saioetan leporaino bete zen Irurtzungo kultur etxeko aretoa. "Orain arteko antzezlanik onena izan da" zioten kultur etxetik ateratzean ikusle batzuek. Eta ez da gutxi, Irurtzungo Antzerki Tailerrak 9 urteko esperientzia zabala baitu. Eskarmentua nabaria da, besteak beste, antzezleen lanean, obren zailtasunean eta eszenatokiaren konplexutasunean. Lau bat antzezle hasiera hasieratik taldean daude, baina badira urtez urte sartu direnak ere eta hori "benetan pozgarria" da. Amaitu dute bederatzigarren ikasturtea, baina dagoeneko hurrengoa dute buruan. 10. urtemugari begira zerbait berezia prestatzea nahi lukete. "Baliteke argazki erakusketa bat egitea" aurreratu du taldekide batek. Urriaren amaieratik aurrera, ilusio bereziarekin ekingo diote 10. ikasturteari.