Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Negu latza izan da aurtengoa. Elurte eta izotzez nekatuta, udaberriari dei ozena eginen diete bihar Irurtzunen bilduko diren Joaldunek. Euskal Herriko Joaldunen Eguna antolatu dute Irurtzungo Iskidi taldeak eta Euskal Herriko Joaldunen Biltzarrak. Euskal Herri osoko 30 bat taldek deiarekin bat egin dute. Izpiritu txarrak uxatzen omendituzte joaldunek. Bada, 200 zanpantzarrek, 400 falek aldi baterako garbituko dituzte Sakanako haize txarrak. Joaldunen EgunaArratsaldeko 18:00etatik aurrera Joaldunen fale hots erritmiko eta sakonak Irurtzungo karrikak astinduko ditu. Joaldunak kiroldegiko aparkalekutik aterako dira kalejiran, azpiko gona, abarkak, ardi larrua eta txano konikoak soinean, isipua eskuan eta faleak erraietan dituztela. Zuberoa ez beste Euskal Herriko probintzia guztietatik etorritako 200 joaldunak lauzpabost taldetan aterako dira, bata bestearen atzetik. Izan ere, Iskidi taldeko Iosu Royok azaldu digunez, "ez da erraza horrenbeste joaldunek erritmo bera jarraitzea". Plazan amaituko dute kalejira. Bertan, 20:00etatik aurrera, bestelako perkusioa entzuteko aukera izanen da: emanaldia eskainiko du Irurtzungo perkusio taldeak. 21:00ak aldera, mahaian eseriko dira fale joleak eta haien lagunak; zikiro afaria izanen dute kiroldegian. Gaueko hamabietatik aurrera kiroldegiak ateak zabalduko ditu herritar guztiendako. Bost euroko sarrera ordainduta, gaupasa izanen da Kiko Bordatxo erromeria taldearekin eta DJ Bullekin. LaguntzaBete-betea dute biharko arratsaldea Irurtzunen. Talde guztiei harrera egin eta dena behar bezala lotzeko jende askoren laguntza behar izan dute Joaldunen Biltzarrak eta Iskidi taldeak. "Horrelakoak antolatzen esperientzia dugu eta hori lagungarria da" azaldu digu Josu Royok. Baina festa ez zen posible izanen herritarren laguntzarik gabe. Beti bezala, erantzun paregabea eman du Irurtzungo herriak: Orritz dantza taldeko gurasoen, Pikuxar euskal txokoaren, Iratxo elkartearen eta Aizpearen laguntza izanen dute, besteak beste. Irurtzungo Udalaren eta kultura kontseiluaren laguntza ere eskertu dute. 10 urteDuela 10 bat urte sortu zen Joaldunen Eguna. "Ekitaldi batean zenbait zanpantzar talde bildu ziren eta horrelako egun baten premia ikusi zuten. Giro berean mugitzen garen taldeak elkar ezagutzeko eguna da" azaldu digu Iskidi taldeko Iosu Royok. "Txantrean egin zen lehen bilkura eta ondoren ia urtero egin da, Atarrabian, Gasteizen, Tafallan, Berriozarren eta abar". Joaldunen Eguna bezala, duela 10 urte sortu zen Irurtzungo Iskidi joaldunen taldea. Horregatik, aurtengo bilkura antolatzeko urte egokia iruditu zitzaien. Orritz dantza taldearen inguruan sortu zen joaldunen taldea, Irurtzun, Arakil, Imotz eta Larraungo lagunek osatuta. Egun, joaldunengatik ez ezik, pertsonaia mitologikoengatik ezaguna da Iskidi taldea. "Joaldunen gidari izanen zen pertsonaia sortu genuen lehenengo, Otsoko" azaldu digu Iosu Royok, "baina taldea ugaltzen joan da eta gaur egun 16 pertsonaia mitologiko ditugu, joaldunak bezain beste". Joaldunak eta pertsonaia mitologikoek hamaika herritako kaleak zeharkatu dituzte 10 urte hauetan. Irteera horietan ezagututakoei eta lagun berriei harrera eginen diete bihar Irurtzunen.Egitaraua: 18:00etan, joaldunen jaia20:00etan, herriko plazan musika21:00etan, zikiro afaria00:00etan, gaupasa pilotalekuan: Kiki Bordatxo eta DJ Bull