Zortzigarrena da MRA Navarra

Guaixe 2010eko martxoaren 15a

Gutxinaka-gutxinaka puntuak pilatuz doa Irurtzungo MRA Navarra Xota eta ostiralean beste hiru bildu zituen zakuan, Benicarló taldea 1-0 menpean hartu eta gero. Ez zen partida ikusgarria izan, baina garaipen horrek MRA Navarra bihar El Pozo Murcia liderraren kontra jokatzeko modu hobeagoan kokatzen du. Benicarló atzeko postuetan dago eta puntuak pilatzeari ekin zion partida hasi eta berehala. Baina MRAk agoantatzen jakin zuen eta gero etxeko taldea izan zen presioa bere alde ezarri zuena. Horrela, bigarren zatiko hasieran MRAko Willianek sartutako gola nahikoa izan zen, markagailua ez baitzen gehiago mugitu. Egia esan, partida nahiko aspergarria izan zen, gol aukera urriekin eta emozio gutxirekin. "Ez da partida ikusgarria izan baina garaipena justua izan da" zihoen MRA Navarrako entrenatzaile Imanol Arregi irurtzundarrak. Sailkapen orokorrean El Pozo Murcia da liderra, 55 punturekin, eta MRA Navarrak sailkapenean gora egin du eta orain zortzigarrena da, 28 punturekin. "Sailkapenean gora egin dugu eta liga erabakiko den play off-etarako lehen zortzi postuetan sailkatu behar denez, play offetan egoteko ahal den guztia egitea da helburua" gaineratu zuen entrenatzaileak. Bihar, asteartean, Ohorezko mailako 23. jardunaldia dago jokoan. Arerio gogorrena du MRAk: El Pozo Murcia liderra. Partida Murtzian jokatuko da, 21:00etan. Irurtzungoek konfiantza dute, azkeneko bost partidatan ez baitute galdu, baina El Pozo oso talde gogorra da, eta irurtzundarrek oso zail izango dute kontrako atea zulatzea. Baina dorre altuagoak erori direnez, nork daki zer gertatuko den?