Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean Ohorezko mailako 23. jardunaldia jokatu zen. MRA Navarra Xotak arerio latza zuen: El Pozo Murcia liderra. Murtzian jokatu zen lehia, eta kantxa faktorea alde zuen El Pozok. Baina lider ahaltsuak gogotik sufritu behar izan zuen MRA Navarra menpean hartzeko. Irurtzungo taldea etengabeko erasoekin hasi zen, liderra sorpresaz hartu nahian. Eta lortu zuten, Parrel eta Eseverriri esker 0-2 aurreratu baitziren. El Pozo berdintzera joan zen, eta nola edo ahala bina berdindu zuten atsedenaldia baino lehen. Ondoren, El Pozo garaipena lortzera joan zen buru belarri, eta MRAk ere dena eman zuen. Hortaz, kalitate handiko areto futbolaz gozatzeko aukera izan zuten zaleek, izugarri disfrutatuz. Partida oso parekoa zen, eta nahiz eta El Pozo aurreratu, berehala hiruna berdindu zuen MRAk. Partida bukaera emozioz betetakoa izan zen. El Pozok atezain-jokalari lanetan jarri zuen Mauricio, eta Murtziako jokalari guztiek aurrera jo zuten, eta El Pozoko Kikek gola sartu zuen penalty bati esker. Irurtzungo taldeak Araça jarri zuen atezain-jokalari lanetan, baina taktikak ez zuen fruiturik eman, arbitroak Eseverri kanporatu baitzuen eta Ciçok Murtziaren azken gola sartu baitzuen, 5-3 irabaziz. MRA Navarrak partidaren une askotan bere menpe izan zuen El Pozo, baina akats, nahaste eta arbitroen erabaki batzuen ondorioz partida galdu zuten. "Partida oso parekoa izan da. Asko lan egin dugu eta pena da 5-3koarekin etxera joatea, baina kontentu nago liderrari aurpegia eman diogulako. Hala ere, penagarria da arbitroak protagonista bilakatu direla ikustea, gehiegi zigortu baitigute" zioen Imanol Arregi entrenatzaileak. El Pozo Murciak lidergoa sendotu du eta 59 puntu dauzka. Zortzi puntu ateratzen dizkio Inter Movistarri. MRA Navarrak sailkapenean behera egin du eta 11.a da, 28 punturekin. Larunbatean MRA Navarrak sailkapenean azkenaurrekoa den Arcebansa Chint Zamora hartuko du Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 20:30etik aurrera.