Play Off postuetan dago MRA Navarra

Guaixe 2010eko martxoaren 29a

MRA Navarra Xotak 5-7 hartu zuen menpean Zaragozako Sala 10 taldea ostiralean Zaragozan jokatutako lehian. Bi taldeak paretsu aritu ziren eta gol eta intentsitate handiko lehia izan zen, baina azkenean Irurtzungo taldeak gailentzea lortu zuen. Une honetan seigarrenak dira Imanol Arregiren mutilak, play off postuetan. Zaragoza izan zen markagailuan aurreratu zena, baina Ugek berdintzea lortu zuen. Horren ondotik bi gol sartu zituen segidan Zaragozak, baina Irurtzungoek presioari eutsi eta berdintzea lortu zuten, Ugek (bi gol) eta Corvok bere atean sartutako golei esker. Segidan Imanol Eseverri kapitainaren txanda heldu zen: partida izugarria jokatu zuen, bi gol jarraian sartu zituen eta 3-5ekoa ezarri zuen markagailuan. Baina Zaragozak 4-5era hurbiltzea lortu zuen. Hortik aurrera egoera izugarri korapilatu zen eta Willianek, eta atzera ere Eseverrik MRAren aldeko gol festa ospatu zuten. Kapitainak hiru gol sartu zituen eta partidako izarra izan zen. El Pozo Murcia da liderra, 59 punturekin. MRA Navarra seigarrena da, 34 punturekin. Atzean ditu Marfil eta Azkar Lugo, 33na punturekin eta Guadalajara, Cartagena eta Torrejon, 31na punturekin. Hortaz, oraindik ere puntu gehiago pilatu beharko ditu Irurtzungo taldeak play off postuetan - lehendabiziko zortzi postuak - sailkatzeko. Jakina denez, play offetan sailkatzen diren taldeek liga titulua izango dute jokoan ohorezko mailako denboraldia bukatzen denean. Hurrengo arerioak, Torrejon eta Azkar Lugo Aste Santuan atseden hartuko du ohorezko mailako areto futbol txapelketak, eta hurrengo bi jardunaldietan play off-etan sailkatzeko borrokan murgilduta dauden bi talderen kontra arituko da MRA Navarra. Horrela, apirilaren 6an, asteartearekin, MRA Navarra Xotak 31 punturekin 11.a den Carnicer Torrejon taldea hartuko du Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 19:00etan. Eta apirilaren 10ean Galizian jokatuko du MRA Navarrak, egun 33 punturekin zortzigarrena den Azkar Lugoren kontra. Arerio zuzenak direnez, ea garaipena lortu eta play offetan sailkatzeko borrokan aurrera egiten duen MRA Navarrak.