Laburbira, film laburren zirkuitu luzea

Guaixe 2010eko apirilaren 12a

Topagunea euskara Elkarteen Federazioak Laburbira Film Laburren Zirkuitua aurkeztu zuen joan zen astean. Euskarazko ikus-entzunezkoen urteko produkzioa ezagutarazteko helburua du film laburren zirkuituak. Zazpigarren edizioan, Laburbira izen propioa hartu du.28 emanaldi eskainiko dira zirkuituaren barruan, ia guztiak, 26 Euskal Herrian, baina, iaz bezala, diasporan ere izanen da, Parisen eta Shanghain, hango Euskal Etxeek bultzatuta. Proiekzioak apirilaren 13an hasi eta maiatzaren 14an amaituko dira. Aurten emanaldi bakarra hartuko du Sakanak: Irurtzungo kultur etxean izanen da apirilaren 30ean.Mauduit zuzendari ezagunen arteanBederatzi ikus-entzunezko labur eskainiko dira emanaldi bakoitzean, denak ere 2009an ekoitzitakoak. Formatu eta izaera oso ezberdineko piezek osatzen dute emanaldia: umorezko laburrak, serioagoak, irudi errealekoak, animaziokoak, bideoklipak eta abar. Aurreko edizioetan bezala, honetan ere ahalegina egin da ibilbide luzeko egileak eta berriak kontuan hartzeko. Horrela, Telmo Esnal, Koldo Almandoz eta Arkaitz Basterra zuzendari ezagunen lanekin batera, Estibalitz Ariz, Itziar Faido eta Urko Mauduiten lana ezagutzeko aukera izanen da. Guaixeko kolaboratzaile irurtzundarra ezaguna da gurean, baina zirkuituari esker, bere lana Euskal Herriko hamaika txokotan ezagutarazteko aukera izanen du. Euskal Herriko 26 herritara eta Paris eta Shangaiko euskal etxeetara iritsiko da bere Odisea etxaldean animazio filma. Kameratoia ikus-entzunezkoen rallyan saritutako bi lan ere ikusi ahal izanen dira.Bederatzi film laburren artean ordu bete inguruko emanaldia osatuko dute. Ondoren, solasaldia antolatu da, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz. Euskal zinemaren izana eta etorkizuna ezagutzeko aukera paregabea da Laburbira. TopaguneaTopagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen. Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 95 Euskara Elkartek osatzen dute. Horien artean daude Irurtzungo Aizpea Euskara Taldea, Altsasuko Kima Euskara Taldea eta Sakanako Bierrik Fundazioa. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.Apirilak 30Hilaren amaieran iritsiko da Laburbira Sakanara. Irurtzungo kultur etxeak hartuko du emanaldia apirilaren 30ean, 20:00etan. Bederatzi euskal film labur ikusteko aukera izanen da.