Play off postuei eustea da kontua

Guaixe 2010eko apirilaren 13a

Hiru jardunaldi geratzen dira Ohorezko Mailako liga despeditzeko eta bigarren itzuli ikusgarria egin du Irurtzungo MRA Navarra Xota taldeak. 26. Jardunaldian play off postuetan sailkatzeko arerio zuzena zen Carnicer Torrejon 4-3 hartu zuen menpean Irurtzungo taldeak, baina asteburuan Galizian jokatutako lehian hiruna berdindu zuten Azkar Lugok eta MRA Navarrak. Play off-etan sailkatzeko arerio zuzena zen ere Azkar Lugo, eta aldea ateratzea garrantzitsua zen MRA Navarrarendako, baina egun sailkapenean zazpigarrena da talde sakandarra, play off postuetan, eta postu hori sendotzea da Imanol Arregi entrenatzailearen mutilen egitekoa. Azkar Lugoren kontrako lehian talde nafarrak gogor presionatu zuen Azkar Lugo, haiei baloia lapurtu eta kontraeraso azkarrak egiteko asmoz, baina galiziarren atezaina bikain aritu zen eta geldialdi garrantzitsuak egin zituen. Dominatu etxekoek dominatzen zuten, baina apenas sortzen zuten arriskurik, eta atsedenaldia baino lehen Parrelek MRA aurreratzea lortu zuen. Bigarren zatia hasi eta berehala Parrelek pase bikaina egin zion Rafa Usini eta 0-2 aurreratu ziren irurtzundarrak. Gero defendatzera pasa ziren eta galiziarrei oso zaila egiten zitzaien nafarren atera iristea. Aldiz, Eseverrik irurtzundarren hirugarren gola sartzea lortu zuten. Orduan esnatu zen Azkar Lugo. Betok Mimiren pasea aprobetxatu eta Azkar Lugoren markagailua estreinatu zuen, eta atezain-jokalari moduan hasi zen jokatzen Adri. MRA Navarrakoek aukera oso argiak izan zituzten, baina ez zuten asmatzen jakin. Horrela, Betok Azkarren bigarren gola sartu zuen, eta Adrik partida hiruna berdintzea lortu zuen. Araçak MRAk garaipena lortzeko aukera izan zuen, baina bere jaurtiketa ez zen atean sartu. Horrela, galtzearen zaporea zuen berdinketarekin itzuli ziren irurtzundarrak Galiziatik, urrezko hiru puntu galtzearen sentzazioarekin. Sailkapen orokorrean El Pozo Murcia da liderra, 66 punturekin, Intermovistar taldeari 6 puntu aterata. MRA Navarra sailkapenean zazpigarrena da, play off postuetan, 38 punturekin. Zortzigarrena den Azkar Lugok 36 puntu ditu eta Guadalajarak eta Carnicer Torrejonek 34na. Hortaz, play off postuetan jarraitzeko - lehen zortzi postuak - geratzen diren bi lehietan irabaztera atera beharko dira Imanol Arregiren mutilak. Hurrengo partida etxean jokatuko dute, Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, larunbatean, hilak 17, 16:45ean. Arerio zuzena hartuko du MRA Navarrak, 34 punturekin 9.a den Guadalajara. Ea hiru puntu horiek etxean geratzen diren eta MRAk liga erabakitzeko play off-etan egotea ziurtatzen duen.