Sakanako XXI. Ibilaldi Handia aurkeztu dute

Guaixe 2010eko apirilaren 14a

Irurtzungo Iratxo elkarteko mendi juntako kideek â€"Pello Alzueta, Ramon Dorronsoro, Doris Vicente eta Alicia Navarro- Sakanako XXI. Ibilaldi Handia aurkeztu zuten asteartean Iratxo elkartean. Haiekin batera, Euskal Herriko erdigune geografikoa Andian, Olibersarioko saroian dagoela kalkulatu zuen Felix Isasa ingeniaria egon zen. Guztiek apirilaren 24an, larunbatarekin, goizeko 6:00etan abiatuko den XXI. Sakanako Ibilaldi Handiaren xehetasunak eman zituzten. Iratxok antolatutako ibilaldia Nafarroan dekanoena da, luzeena izateaz gain, eta bi zirkuitutan sartuta dago: Nafarroako Mendi Ibilaldien Zirkuituan, eta Euskal Herriko Mendi Ibilaldi Luzeen Zirkuituan. Dagoeneko 300 lagun pasatxok eman dute izena Sakanako Ibilaldi Handian parte hartzeko, eta 700 pertsona baino gehiago espero dira, baina antolakuntza prest dago etor daitekeen zenbakiari aurre egiteko. Iaz 500 mendizale pasatxo aritu ziren, eguraldi txarra egin zuelako, baina duela bi urte 1056 izan ziren, primerako ibilaldiarekin. Aurten Hiru Handiak ibilaldi handia izango da ekainean, Gasteiztik abiatuta Aizkorri, Anboto eta Gorbeia batzen dituena, eta ibilaldi hori prestatzeko baliteke jende askok Sakanako Ibilaldiaren aukera hautatzea. Dena den, parte hartze kontuan eguraldiak izaten du pisu gehiena. Antolakuntzatik nabarmendu zutenez, ez da aldaketarik izango, eta lehiakorra ez den mendi ibilaldi honek dituen ezaugarri berberak mantenduko ditu. “Ibilbidea azken urteetakoa da, bere edertasun eta gogortasun guztiarekin, desnibela oso handia baita. Ibilbideak zirkulua egiten duenez, hasieran egiteko duzun guztia ikusten duzu, erdian egin duzuna eta geratzen zaizuna, eta bukaeran egin duzun guztia” dio Ramon Dorronsorok. Eguraldi ona egiten badu bidea zapatilekin egitea gomendatzen du Sakanako Ibilaldi Handia egin ohi duen mendizaleak, eta txarra egiten badu botekin. Beti bezala bi aukera: A (Hiru Baselizak) eta B (Ibilaldi Handia)Mendizaleek bi aukera izanen dituzte: A aukera, Hiru Baselizak izenekoa (55,4 km metro, 3.000 metroko desnibela), eta B aukera, Ibilaldi Handia izenekoa (46 km, 2.230 metroko desnibela). Ibilbide berbera egiten da bietan, baina bigarrenean parte hartzaileak ez dira Trinitatera igotzen.Goizeko 6:00etan Irurtzundik aterata, Izurdiaga eta Urritzolatik barna Txurregira igoko dira kirolariak. Euskal Herriko Erdigunea pasatuz Uharteko Atakara eta San Donato baselizara heldu eta Uharte Arakilera jaitsiko dira, handik Aralarrera gora San Migel santutegira heltzeko. Aralarretik barna Madotzera heldu eta Larrazpil eta Goldaratzera joango dira. B aukera hautatzen dutenek Irurtzungo bidea hartuko dute martxa bukatzeko, eta A aukerakoek Trinitate ermitara joko dute, hura igo eta gero Irurtzunera jaisteko. Nolanahi ere, nahi duenak ibilaldi erdia egin dezake, erretiratzeko aukera baitago.Ibilbide guztia markatuta egonen da eta 6 hornidura eta kontrol gune izango dira. Mendizale gehienak 10-12 ordu behar izaten dituzte ibilbidea egiteko, baina badaude azkarrago ibiltzen direnak ere. Antolakuntzak atzera ere gogoratu du hau mendi ibilaldi bat dela, nahiz eta batzuk korrikan egin, eta ez dutela antolakuntza guztia hipotekatu korrikan ibiltzen diren gutxi horiengatik. Horregatik aurreikusiak dauden orduetan zabalduko direla kontrol guneak, lehenago ez. Dena antolatzeko Iratxoko 50 kide eta kolaboratzaile ariko dira lanean. Euskal Herriko Erdigunetik pasako daEuskal Herriko Erdigune geografikoa San Donato ermitatik gertu dago, Andiako Olibesarioko saroian, 1.236 metroko altueran, (Koordenadak: X:586.936 eta Y:4.748). Felix Isasi ingeniariak barizentroaren kontzeptuan oinarrituta kalkulatu zuen erdigunea, eta bertatik pasatzen da Sakanako Ibilaldi Handia 2005etik, San Donatora heldu baino lehen. Hain zuzen ere aurtengo Ibilaldi Handiko aurkezpenean izan zen Isasi, bere seme Xabirekin batera. Euskal Herriko Erdigune geografikoa zergatik kalkulatu zuen galdetuta ondokoa zioen Isasik: “mendizalea izan nahiz eta Aralarrera askotan gindoazen. Beti entzuten genuen Aralar Euskal Herriko bihotza zela eta santutegia Euskal Herriko erdigunea. Esaten zen ere Aralar Baskoniaren erdigunea eta bihotza zela. Beti geratzen zaizu gauza hori. Non egongo ote da Euskal Herriko erdigunea? Eta horrela hasi nintzen. Barizentroaren kontzeptuan oinarrituta eta nituen fisika ezagutzekin erdigunea Andian, Olibesarioan zegoela ondorioztatu nuen, Nafarroako Gobernuko SITNA web orrian toki hori klikatu eta han toponimiaren berri jaso eta gero. San Migeletik 7,6 km-ra dago, mapan linea zuzena eginez gero. 2004an Berriak elkarrizketa bat egin zidan eta hortik aurrera gaia zabaldu zen”. Isasik azaldu zuen ezin daitekeela esan justu puntu zehatz eta mehatz bat erdigunea dela, 250 metro inguruko zona bat zehaztu duela erdigunetzat. “Zergatik? Neurketak egiteko zehazten dituzun premisa eta irizpideen araberakoa aldaketak daudelako. Esaterako, Kontxako Badia hartzen baduzu, marea gora edo behera badago neurriak ere aldatzen dira, eta gero Euskal Herria zer den definitzeko moduan ere. Petilla de Aragon Nafarroa da eta hori kontuan hartzen baduzu edo ez neurriak aldatzen dira. Faktore askok dute eragina, horregatik ziurgabetasun gune bat dago eta hori markatzen duzu erdigunetzat. Nik egindako kalkulu eta hartutako premisa guztien berri Pirenaica aldizkarian dago jasoa” esplikatzen du. Egun erdigunean monolito bat dago, eta monolitoaren lehen harria Felix eta bere seme Xabik jarri zuten. Gero, hainbat ikastolek â€"Paz de Ziganda, Tolosako Laskurainek eta Gasteizko batekâ€" Euskaraz Bizi festa egin zuten han, monolitoa jaso eta buzoia jarri zuten. Sakanako Ibilaldi Handia erdigunetik 120 metrora pasatzen zen, baina 2005ean bertatik pasatu zen eta urte batean argazkia egin zitzaien bertan parte-hartzaile guztiei. “Urte horretan Ibilaldi Handia ikusten aritu ginen bertan, erdigunean, eta aurten semeak hartuko du parte” aipatu zuen Isasik. Izena emateko-Iratxoko www.iratxo.galeon.com web gunean dagoen formularioa bete, apirilaren 21 baino lehen.-Telefonoz (948 500 882), 20:00etatik 22:00etara apirilaren 21era arte.-Faxez (948 600 704) apirilaren 21era arte, web guneko formularioko datu berberak bidalita.-Ibilaldiaren egunean bertan, apirilaren 24an, goizeko 5:00etatik 6:00etara Iratxon.Ordaindu beharreko kuotak: apirilaren 21 baino lehen inskripzioa egiten dutenek 10 euro, eta egunean bertan egiten dutenek 12 euro.  Kontu zenbakiak: Euskadiko Kutxa: 3035 0120 94 1201007102Nafarroako Kutxa: 2054 0036 30 9131850321Oharra: ostiralean Irurtzunen lo egin nahi dutenek eskoletan lo egiteko aukera izango dute.