Mikel Goldarazena Saharako Maratoian

Guaixe 2010eko apirilaren 16a

Mikel Goldarazena irurtzundarrak Saharako maratoian hartu zuen parte otsailaren 22an. Abendu erdialdean Berria egunkarian irakurri zuen 100 euskal herritar Saharara joateko ekimena martxan zegoela Saharako maratoian parte hartzeko eta bide batez bertako egoera salatzeko. Ekimenarekin bat egin zuen gehiegi pentsatu gabe eta otsailaren 19an, hemen sekulako hotza zegoela, hegazkina hartu eta 10 ordu beranduago Argeliako Hammadanen zegoen, bero itzela ari zuela. Mikel Goldarazenarendako bere lehenengo maratoia izan zen Saharakoa. Gainera ezin izan zuen behar bezala prestatu, hemengo negu gogorra zela eta. El Aaiunetik atera behar ziren eta Saharako basamortu gogorrean barna 42 km egin, Smarara ailegatzeko. Saharako Errepublikako Presidente Mohamed Abdelaiz izan zen irteeran, eta 280 korrikalari inguru abiatu ziren. "Hasieran ongi, gero nekea, beroa, area, dunak, nekea, eta neke gehiago... baina 5 ordu ondoren Smaran nengoen. Ez galdetu nola" dio Mikel Goldarazenak Irurtzun Euskaraz blogean - http://www.blogak.com/irurtzuneuskaraz/aste-bat-saharan - . Maratoia aitzakia bat zen Saharako jendearen bizimodua ezagutzeko eta bertakoei elkartasuna adierazteko, eta hori nabarmendu du irurtzundarrak. DiaporamaGaur, apirilak 16, ostirala, 22:00etan, Sahara Marathon diaporama ikusteko aukera izanen da Irurtzungo Iratxo elkartean, Aizpeak eta Iratxok antolatuta. Mikel Goldarazenak Saharako egoeraren berri eman eta bizitako esperientziaz ariko da. Izan ere, duela 35 urte Marokok Mendebaldeko Sahara indarrez hartu zuenetik herri saharauia banatuta dago, eta saharaui asko dira Tindoufeko Saharaui Errefuxiatu Kanpamentuetan bizitzera behartuta daudenak. Diaporama honen bitartez errealitate hori ezagutarazi nahi da.