Play off postuei eustea da gakoa

Guaixe 2010eko apirilaren 21a

MRA Navarra Xotak eta Gestesa Guadalajarak bana berdindu zuten ostiralean Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan jokatutako lehian. Emaitza ez da txarra, baina MRA Navarrak irabazi eta hiru puntu pilatzeko aukera paregabea galdu zuen, gol aukera ugari huts egin zituelako. MRAk argi dominatu zuen baina kontrako atean ez zuten asmatzen jakin eta banako berdinketarekin konformatu behar izan ziren. Aipatzekoa da Javi Eseverri kapitainak ezin izan zuela jokatu, bizkarrean kontraktura zuelako, eta bere falta asko nabaritu zuen taldeak. Ohorezko mailako liderra El Pozo Murcia da, 69 punturekin. MRA Navarrak zazpigarren postuari eusten dio, 39 punturekin, baina gauzak oso estu daude, zortzigarrena den Guadalajarak 38 puntu dituelako eta bederatzigarrena den Azkar Lugok 36. Jakina denez, ohorezko mailako titulua jokatzen den play offetarako lehenengo zortzi taldeak sailkatzen dira, eta txapelketa horretan egon nahi badu MRA Navarrak liga despeditzeko gelditzen diren bi jardunaldietan ahalik eta puntu gehien bildu beharko ditu, gauzak oso estu daudelako. Hori da helburua eta horretan gogor saiatzen ari dira Imanol Arregi entrenatzailearen mutilak. Liga despeditzeko bi jardunaldietan bi arerio gogor ditu MRA Navarrak: Playas de Castellon eta Cartagena. Larunbatean, 17:00etan, Irurtzungo taldeak Castellonen jokatuko du Playasen kontra. Talde oso inportantea da Playas, baina aurten ez du bere benetako maila eman eta ez dago goiko postuetan. 13.a da, 29 punturekin, eta jaitsiera postuetatik ahalik eta gehien hurbiltzeko lanetan dago. Hortaz, lehia konplikatua du MRAk, bi taldeak irabaztera aterako baitira, baina une zail eta gogorrenetan dena ematera ohituta daude Imanol Arregirenak. Galdu gabe 11 partida jarraian daramatza Irurtzungo taldeak, eta ea play offa jokatzeko ametsa betetzeko bidean Castellonetik hiru puntuak ekartzen dituen.