Handia, Sakanako ibilaldia

Guaixe 2010eko apirilaren 25a

Izen aproposa du Irurtzungo Iratxo mendi elkarteak antolatutako iraupen luzeko mendi ibilaldiak: Sakanako Ibilaldi Handia. Eta izenak dioen bezala, handia izan zen larunbatean gauzatutako XXI. edizioa. Iratxoko Pello Alzuetak adierazi digunez, 1.012 mendizalek hartu zuten parte. "Aurretik izena emanda 885 mendizale zeuden, eta larunbat goizean 204 mendizalek egin zuten inskripzioa Irurtzunen eta hamaikak Uharte Arakilen. 1.100 inskripzio zeuden, baina ia 90 inguruk huts egin zutenez, 1012 mendizale aritu ziren aurtengo Sakanako Ibilaldi Handian" azaldu digu Alzuetak. Sakanako Ibilaldi Handia Nafarroan dekanoa da eta luzeena, eta bi zirkuitutan sartuta dago: Nafarroako Mendi Ibilaldien Zirkuituan eta Euskal Herriko Mendi Ibilaldi Luzeen Zirkuituan. Eguraldiak ere bat egin zuen askorendako erreferentea den mendi ibilaldian, eta giroa paregabea izan zen. Mendizale gehienek A aukeraren alde egin zuten, 55,4 km-tan hiru baselizak - San Donato, San Migel eta Trinitatea - batuaz. Desnibela 3.000 metrokoa zen. B aukera hautatu zutenek (46 km, 2.230 metroko desnibela) San Donato eta San Migel igo zituzten, baina Aralarretik barna Madotzera heldu eta Larrazpil eta Goldaratz pasa eta gero Irurtzunera jo zuten, Trinitatea igo gabe. Sakanako ibilaldia oso gogorra da, gogorra eta ederra, primerako paraje eta bistekin. Mendizaleek diotenez gogorrena hasi eta berehala Txurregi igotzea eta San Donato jaitsi ondoren San Migel igotzeko egin beharreko V hori da akaso, baina ia bukaeran Trinitatea igo beharra ez da txantxa. Aipatzekoa da ere hogeita hamarren batek korrikan egin zutela ibilbidea, eta batzuk ordu bata baino lehenago iritsi zirela Irurtzunera. Baina gehienek 10-11 ordu behar izan zituzten martxa osatu eta helmugara iristeko. Han, diploma eta kamiseta jaso zituzten opari, eta nahi zutenek Surya masaje elkarteko kideen eskutik masajea hartzeko aukera izan zuten.IlarakIratxoko 40 lagun inguru aritu ziren antolakuntza lanetan, hornidura eta kontrol guneetan, seinalizazio lanetan, garbiketa lanetan eta beste, eta nahiz eta 1.000 mendizale baino gehiago egon, eta sarritan kontrol guneetan ilarak sortu, ongi prestatuta egon ziren guztien beharrak asetzeko. Bestalde, Gurutze Gorriak hainbat mendizale atenditu zituen, ohiko bihurdura, urradura eta halakoekin, baina lipotimia kasuak ere egon ziren. Segurtasunez bi mendizale Iruñera eraman behar izan zituzten artatzera, baina ez zen aparteko konturik egon. Hortaz, beste behin arrakastatsua izan zen ibilaldia, handia. Hurrengo urtera arte.