Galtzeak ez du balio

Guaixe 2010eko apirilaren 27a

Ohorezko mailako liga despeditzeko jardunaldi bat falta denean gauzak ez dira erabaki. Lehen zortzi postuetan sailkatzen diren taldeek lortuko dute liga erabakiko den play off-etan egoteko aukera. Egun zazpigarrena da MRA Navarra Xota, baina sailkapena oso estu dagoenez, play off-etan egoteko Cartagenaren kontra igandean etxean duen lehia irabazi beharrean dago Irurtzungo taldea. Larunbatean Playas de Castellonek 4-2 irabazi zion MRA Navarrari. Irurtzungo taldea gogo gehiagorekin kantxaratu zen, baina Playas de Castellonek mailari eustea zuen jokoan eta ez zuen horretarako aukera galdu. MRA ez zen gaizki aritu, baina kontrako atean haztatzea asko kosta zitzaion. Hala ere, Eseverriren jaurtiketak Cuco jo zuen eta atean sartu zen, Irurtzungo taldeak aurreratzea lortuz. Sei minututan berdintzea lortu zuen Playasek eta hortik aurrera Castellongoak izan ziren atean asmatu zutenak, 4-1 aurreratzea lortu baitzuten. Dena ematera atera ondoren, Eseverrik bigarren gola sartu zuen eta horrela despeditu zen lehia.Imanol Arregi entrenatzaileak onartu zuen partida txarra jokatu zutela, "ziurrenik denboraldiko partidarik txarrena". Defentsan akatsak izan zituztela eta kontrako atean asmatu ezinik ibili zirela nabarmendu zuen. Nolanahi ere, eta play off postuei eusteko igandean irabaztera atera beharko direla azpimarratu zuen. Igandean zita inportanteaEl Pozo Murcia da ohorezko mailako liderra, 69 punturekin. MRA Navarra zazpigarrena da, 39 punturekin, baina Gestesa Guadalara zortzigarrenak 38 ditu eta Carnicer Torrejon eta Azkar Lugok 37na puntu. Hortaz, oso-oso estu dago dena eta igandean Reale Cartagena irabazi beharrean dago Irurtzungo taldea play off postuetan sailkatu nahi badu. Partida igandean jokatuko da, maiatzaren 2an, 16:45ean Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, eta lehia zuzenean eskainiko du VEO7 telebista kateak. Cartagenak ez du ezer jokoan, baina argi dago MRA Navarrari ez diola partida oparituko. Ea kantxa faktoreak laguntzen duen eta Xotak irabazten duen. Horretarako zaleen laguntza ezinbestekoa izango da eta euren animoa eta babesa eskatu du Irurtzungo taldeak.