Ohorezko mailako ligako azken partida handien modura jokatu zuen Irurtzungo MRA Navarra taldeak. Liga erabakitzen den play off-etan aritu ahal izateko lehengo zortzi taldeen artean sailkatu behar zen MRA Navarra, eta horretarako Reale Cartagenaren kontrako partida irabazi behar zuen bai hala bai. Eta hala egin zuten irurtzundarrek, 7-2 hartu baitzuten menpean Cartagena. Partida konplikatuena zirudiena erosoena izan zen MRA Navarrarendako, sekulako erakustaldia eman baitzuten Imanol Arregiren mutilek. Giroa ere primerakoa zen eta 1.000 zale baino gehiago hurbildu ziren Iruñeko pabilioi unibertsitariora. Parrelek MRA aurreratu zuen eta atzetik etorri ziren Cuco, William (2 gol), Jesulito, Araça eta Rafa Usinen golak. Reale Cartagenak ezer gutxi egin ahal izan zuen, eta MRAko jokalariek pozik ospatu zuten play off postuetan sailkatu izanaren balentria. Imanol Arregi pozik zegoen bere jokalariak egindako lanarekin eta play off-etarako sailkatu izanagatik. "Urte guztia daramagu lanean eta mutilek bigarren itzuli ikusgarria egin dute. Izan ditugun arazo guztiak izanda taldea play off-etarako sailkatzea oso pozgarria da eta bereziki mutilengatik pozten naiz" zioen entrenatzaileak. Inter, arerio gogorraOhorezko mailako liga despedituta, El Pozo Murcia izan da garailea, 72 punturekin eta MRA Navarra zazpigarrena izan da, 42 punturekin. Aipatu bi taldeez gain, Inter Movistar (64 puntu), Caja Segovia (61 puntu), Xacobeo Lobelle (60 puntu), FC Barcelona (57 puntu), Marfil Santa Coloma (43 puntu) eta Carnicer Torrejón (40 puntu) sailkatu dira liga erabakiko den play off-etan aritzeko. Asteburuan play off-etako final laurdenen lehen partidak daude jokoan. MRA Navarrak sailkapenean bigarrena izan den Inter Movistar taldea izanen du arerio. Partida ostiralean jokatuko da, maiatzaren 7an, 20:30etik aurrera Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan. Inter Movistar talde ahaltsua da, zalantzarik gabe, faborito nagusia, baina MRA Navarra ez da kikilduko. Imanol Arregik adierazi duenez "Interrekoak faboritoak dira baina talde gaztea gara gu, ilusio asko duena eta konplexurik gabekoa, eta borrokatzera eta dena ematera aterako gara". Horretarako zaleen babesa behar dute eta kantxa beteta egoteko ahalegina eskatu diete zaleei.