Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hastera doa aurtengo botxa denboraldia eta Irurtzungo Iratxo elkarteak, Irurtzungo Udalaren laguntzarekin, Iratxo Botxa Txapelketa 2010 antolatu du, Iratxoko botxategian jokatuko dena. Bertan aritu nahi duten taldeek izena eman beharko dute Iratxo elkartean edo Pikuxar euskal txokoan. Horretarako azken eguna maiatzaren 12a dute, txapelketa maiatzaren 14an hasiko baita. Hirukote bakoitzak 10 euroko inskripzioa ordaindu beharko du. Aurten, berrikuntza moduan, lehenengo aldiz izen ematen duten taldeendako maila berezia izanen da. Botxa joko tradizionala da, petankaren antzekoa. Petankan erabiltzen diren bolak burdinazkoak dira; botxazkoak, aldiz, ezpel edo arte egurrezkoak. Botxa horiek esku-pilotako pilotak baino pixka bat handiagoak dira eta barruan beruna dute, bolen ibilbidearekin jolasteko aukera ematen duena. Botxan aritzeko gutxienez bi talde dira beharrezko, eta talde bakoitzean 3 jokalari. Parte-hartzaile bakoitzak 2 botxa dauzka, eta helburua taldearen botxa horiek botxinatik ahalik eta gertuen uztea da. Botxina burdinazko bola txikitxo bat da, botxategian kokatzen dena. Bere botxak botxinatik gertuen uzten dituen taldea izanen da irabazlea.