Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ohorezko mailako lehen zortzi postutan sailkatu ziren taldeak, Irurtzungo MRA Navarra Xota barne, ligako titulua erabakitzeko play off-etan lehiatzen ari dira. Ostiralean MRA Navarrak Inter Movistar taldea hartu zuen primerako giroan ia beteta zegoen Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, eta nahiz eta madrildarrak faborito argiak izan, Irurtzungo taldeak hortzak erakutsi zizkion eta areto futbolean ia sinestezina bada ere husnako berdinketarekin despeditu zen lehia. Berdinketa hausteko luzapenean ez zen golik egon eta hortaz, penalty jaurtiketek erabaki zuten auzia. MRAko atezain Juanito bikain aritu zen, eta Inter Movistarren Schumacher eta Juanraren jaurtiketak gelditu zituen. Penaltyetan 4-3 gailendu zen MRA Navarra, Uge, Wilian, Parrel, eta Javi Eseverriren golei eta Juanitoren bi geldialdiei esker. Horrela, joaneko partida irabaztea lortu du MRA Navarrak, eta itzulikoa larunbat arratsaldean jokatuko dute, Inter Movistarren etxean, Alcalako Cajamadrid Pabilioian. Madrildarrek irabazten badute igandean jokatuko den hirugarren partidak erabakiko du nor sailkatuko den play off-etako finalerdietarako. Imanol Arregi entrenatzailea pozik zegoen ostiralean irabazi izanagatik. "Jokalariek lan ikusgarria egin dute eta irabaztea merezi dute. Eurengatik pozten naiz eta baita zaleengatik ere, pabilioia goraino beteta baitzegoen" adierazi zuen. Hurrengo lehiari begira, entrenatzaileak nabarmendu zuenez "Interrekoek faborito argiak izaten jarraitzen dute eta kantxa faktorea alde izanen dute. Hala ere, guk borrokatuko dugu, bi partida geratzen direlako eta aukerak egon badaudelako". Ea Irurtzungo taldeak finalerdietan egoteko txartela lortzen duen, baina munduko talde onenetakoa den Inter Movistarrek ez dizkio gauzak batere erraztuko.