Saihesbidea, aurten edo heldu den urtean

Guaixe 2010eko maiatzaren 14a

Laura Alba Cuadrado kontseilariak atzo Nafarroako Parlamentuan jakinarazi zuen Irurtzungo saihesbideko lanak noiz hasiko diren ez dakiela, "aurten edo heldu den urtean. Nafarroako Gobernuak gastuen erreserba tenporala argitzen duenean jakinen da lanak noiz emanen ditugun". Alba kontseilariak ere nabarmendu zuen udal eta kontzejuek "makina bat objekzio eta alternatiben inguruko ikerketa eskatu zituztela. Baita trabak jarri ere". Erantzun hori eman zion NaBaiko parlamentari Txentxo Jimenezi. Hark dudan jarri zuen saihesbidea inoiz eginen denik. "Bigarren errepide planean jasoa zegoen. Eta plan horretan ez dauden saihesbide batzuk dagoeneko eginak daude. Irurtzungoa zergatik ez? Badirudi eskualde hori ez dela gobernuaren lehentasunen artean sartzen".