Atakondoako ikasleak ikusle

Guaixe 2010eko maiatzaren 14a

Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko ikasleek, ordu batzuetarako ikasgela utzi eta kultur etxerako bidea hartuko dute datorren ostegunean, hilaren 20an. Bertan, Eta zer? antzerki ederraz gozatzeko aukera izanen dute, 10:30ean gaztelaniaz, eta 12:00etan euskaraz. Dar-dar konpainiaren antzezlanak ezberdintasunaren edertasuna aldarrikatzen du. Ez da erraza ezberdina izatea; are gutxiago haurren artean. Betok semea futbolari onena izan nahi du, baina Raulek nahiago du zomorroak ehizatu. Klaudiak dozena bat pastel jango luke, baina amak alabarik ederrena nahi du. Luzilak bere aita gozogilea edo elektrikari izatea nahi luke, baina etxeko gizona da.Elkarlanean argitaletxeak argitaratutako lau liburutan oinarrituta dago antzezlana; Nire aita etxeko andrea da, eta zer? (Silvia Ugidos), Nik erremerre hitz egiten dut, eta zer? (Anjel Lertxundi), Ni potoloa naiz, eta zer? (Seve Calleja) eta Niri futbola ez zait gustatzen, eta zer? (Andoni Egaña) liburuetan. Egokitzapena Pablo Valdes idazle iruindarrak egin du. Anartz Zuazua eta Asier Zinkunekin zuzenduko dute familiarteko antzezlan ederra.Emanaldia Atakondoa Ikastetxeko Guraso Elkarteak eta Irurtzungo Kultura Kontseiluak antolatu dute.