Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
MRA Navarrak munduko talde inportanteena, Inter Movistar, ohorezko mailako play off-etatik kanporatu eta sekulako sorpresa eman du. Krisia dela eta bere jokalari izarrei - Joel, Lukaian, Pablo eta Dani Fernandez - uko egin behar izan zien Irurtzungo taldeak denboraldi hasieran, eta talde xumeagoa osatu zuen, baina Imanol Arregiren mutilek lan bikaina egin dute, mantentzeko helburua betetzeaz gain, play off postuetan sailkatu eta Inter Movistar talde ahaltsua bidean utzi dute. MRA Navarra noraino helduko ote den nork daki?Inter Movistarren kontrako joaneko partida irabazi egin zuen MRA Navarrak, eta itzulerako partidan, Madrilen, 1-2 gailendu ziren Irurtzungoak. Araça eta Eseverrik sartutako golekin 0-2 aurreratu ziren, eta Juanito atezainak egindako geldialdi bikainei esker, Inter Movistarrek 1-2 gerturatzea lortu zuen soilik, eta play off-ei agur esan zion. Horrela, finalerdietarako sailkatzea lortu du MRA Navarrak. Jokalari eta teknikariak pozik zoratzen zeuden. "Klubarendako eta Nafarroarako historikoa da, oso kontuan hartzekoa" zioen Imanol Arregik, Inter Movistar irabaztea ia ezinezkoa dela azpimarratuz. "Meritu handia dauka, Inter Movistar final laurdenetan kanporatzea ez baitu inork lortu azken 10 urteetan. Horregatik kontentu gaude eta pozik ospatuko dugu" gaineratu zuen entrenatzaileak; jokalariek sekulako maila eman zutela azpimarratu zuen. Caja Segovia aurkariPlay off-etako final erdietan Caja Segovia izanen du aurkari MRA Navarrak. Joaneko partida asteartean jokatuko dute, Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 20:30etik aurrera. Irurtzungo klubak dituen 32 urteetan, bigarren aldia izango da play off-etako finalerdietan aritzen direna. Partida oso gogorra eta konplikatua izango da, baina moralez eta animuz beteta daude MRA Navarrakoak, eta finala buruan, dena ematera aterako dira.