MRA Navarrak amesten jarraitzen du

Guaixe 2010eko maiatzaren 19a

Sinestezina izaten ari da MRA Navarra Xotaren aurtengo denboraldia. Krisiaren eraginez aurrekontua izugarri murriztu behar izan zuen Irurtzungo taldeak, eta bere jokalari izarrei - Joel, Lukaian, Pablo eta Dani Fernandez - uko egin behar izan zien, talde xumeagoa osatuz. Ohorezko mailako lehen itzulian krisi une batzuk izan ondoren, bigarren itzuli ikusgarria egin zuten, zazpigarren postuan sailkatuz, liga jokatzeko play off-etan sartuz. Eta play off-etako final laurdenetan sekulako sorpresa eman berri dute: munduko talde onena, Inter Movistar ahaltsua, bidean utzi zuten, joaneko eta itzuliko partidak irabazi eta gero. Finalerdietan Caja Segovia dute aurkari eta asteartean, joaneko partidan, launa berdindu eta gero, penaltyen tandan MRA Navarra Xota gailendu zen. Itzuliko partida larunbatean jokatuko dute, baina askok final handian ikusten dute Xota. Hala izango ote da?Aurtengo helburua mailari eustea zen eta helburua aski beteta dago. Gainera, play off-etako final laurdenetan Inter Movistar kanporatzea historikotzat jo zuten. "Meritu handia dauka, Inter Movistar final laurdenetan kanporatzea ez baitu inork lortu azken 10 urteetan. Horregatik kontentu gaude eta pozik ospatu genuen" zioen Imanol Arregi entrenatzaileak astearteko partida baino lehen. Caja Segovia arerio oso arriskutsua zen, denboraldi honetako sorpresa eta bigarren itzuliko talde onena, eta horregatik bi taldeak arerioaren kontrako errespetu guztiarekin atera ziren guztiz beteta eta primerako giroan zegoen Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioko kantxara.  Taldearen "arima ikaragarria"Hasieratik erasoan hasi ziren berdeak, eta Rafa Usinek Xota aurreratzea lortu zuen. Baina berehala berdindu zuten segoviarrek. Bigarren zatia hasi bezain pronto 1-2 aurreratu zen Caja Segovia, eta alarmak piztu ziren MRA Navarran. Imanol Arregik Araça atezain-jokalari moduan jarri zuen eta gaizki atera zitzaion, hirugarren gola sartu baitzuen Caja Segoviak. Zaleen babesa guztiarekin, partidari buelta emateko helburuarekin arima utzi zuten MRA Navarrakoek, eta sari bikaina lortu zuten, Parrelen eta Rafa Usinen jokaldiekin hiruna berdindu baitzuten. Berdinketa hausteko tartean Usinek 4-3koa sartu zuen, baina partida bukatzeko 7 segundoren faltan launa berdindu zuten. Hortaz, penaltyek erabakiko zuten partida. Juanito atezaina bikain aritu zen. Penalty bat gelditu zion Toberi, baina Ugeren jaurtiketa Segoviako Cidaok ere gelditu zuen. Bukaeran, penaltyetan 5-4 gailendu zen MRA Navarra, Caja Segoviako Alvaritok azken jaurtiketa kanpora bota zuelako. Orduan lehertu egin zen jokalarien eta zaleen poza. Imanol Arregi entrenatzailea pozez zoratzen zegoen. "Talde honek arima berezia du, ikaragarria, azaldu ezina. Talde batek lan asko egiten duenean eta bere ahalmenetan sinisten duenean, fruituak jasotzen dira maiz, eta une txarrenei ere buelta ematea lortu du taldeak". Partida ikusgarria izan zela nabarmendu zuen, eta taldea ikaragarri ondo aritu zela. Zaleen babesa ere eskertu zuen. Ea ametsa gauzatzen denFinalerdietako itzuliko partida larunbatean jokatuko dute bi taldeek, 18:00etan, Segoviako Pedro Delgado Pabilioian. MRA Navarrak irabaziko balu finalerako txartela lortuko luke, eta Caja Segoviak irabaziko balu bi taldeek berdinketa hausteko hirugarren lehia jokatu beharko lukete igandean Segovian. MRA Navarrako mutilak jokoz ondo eta animuz bikain daude, eta finala lortzeko amets handia buruan dute. Joaneko partida irabaztearen abantaila dute, eta nahiz eta lehia oso konplikatua izan, ea dena ematen duten, duten abantaila aprobetxatu eta El Pozo edo Bartzelonaren kontra final handian lehian ikusten ditugun. Historikoa litzateke baina ametsak, batzutan, bete egiten dira.