Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Trinitatea dela eta gaurtik igandera bitartean festa giroa izanen da Irurtzunen. Gaur, 17:00etatik 20:00etara, kultur etxean esku-lan, margo eta ehoziri ikastaroetan egindako lanak ikusgai izanen dira. Eraikin berak, 22:00etan, Georgina Hassan musikari argentinarraren kontzertua hartuko du. Munduko arrozakLarunbatean, goizeko 10:00etatik 14:00etara plazako estalpea sukalde bihurtuko da. Munduko arrozak prestatuko dira Senegal, Maroko, Errumania, Brasil, Ekuador eta Irurtzungo erara. Errezetak ezagutzeko aukerarekin batera, arroza dastatzeko aukera ere izanen da, 13:00ak aldera. Sukaldariak lanean ari diren bitartean, plazatik pasatzen direnak djembe eta bestelako munduko musikarekin gozatzeko aukera izanen dute. Edertu nahi dutenek henna tailerrean izanen dute horretarako aukera. Arabiar idazkeraren erakusketa. Iaz egindako kultur arteko Sakana argazki lehiaketara aurkeztutako lanak ikusgai izanen da. Horrekin batera, arropa, argazki eta eskulanen erakusketa ere izanen da ikusgai. Immigrazio Zerbitzua, Gizarte Zerbitzuak eta Itxipuruk antolatu dute. Biharko iluntzean Iñaki Anduezak dantzarako doinuak jarriko ditu. Gauean,Larrazpi elkartean, sarrera libre dela, Hotz, Sikorax eta Eskizofrenia taldeen kontzertuak izanen dira. Haien ondoren, Iñigo Arriza, Ekoni eta Jhon Bell disko jartzaileek dantzaldia luzatuko dute. ErgaraGaiteroen dianek igande goizean herritarrak esnatuko dituzte. Askok Ergako ermitarako bidea hartuko dute. 11:00etan euskarazko meza izanen da eta eguerdian gaztelaniaz. Trinitate ermitaren inguruan Irurtzungo trikitilarien doinuak entzunen dira. Horrekin batera auzatea ere izanen da. Menditik jaitsita, 17:00etatik 20:30era, haurrendako jolas parkea izanen da.