Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
El Pozo Murcia munduko talde onenetakoa zela adierazi zuen aurreko astean MRA Navarrako entrenatzaile Imanol Arregi irurtzundarrak. Eta hala da, ez dago zalantzarik. Nolanahi ere, murtziarrek sekulako lana egin behar izan zuten MRA Navarra Xota taldeari irabazteko. Jakina denez Ohorezko Mailako titulua dute jokoan bi taldeak, play off-etako finala jokatzen ari dira, eta bost partidatan onenak altxatuko du kopa. Lehendabiziko bi partidak Murtzian jokatu ziren asteburuan. Larunbatean 3-2 irabazi zuen Murtziak, eta igandean berriro gailendu ziren, 2-1. Bi partidak galdu ditu MRA Navarrak, baina primerako irudia eman dute irurtzundarrek eta El Pozokoek oso gogor egin behar izan dute lan Imanol Arregiren mutilei irabazteko, bi taldeak parez pare aritu direlako. Jokatutako bi partidak galduta, asteburuan Iruñean jokatuko diren bi partidak irabaztea du buruan MRA Navarrak. Eta hala egin behar du, kopa altxatzeko aukerak izan nahi baditu. Diferentzia bakarra kalitateaEl Pozo Murcia eta MRA Navarra oso paretsu aritu dira jokatutako bi lehietan. Larunbateko partidan defentsa bikaina egin zuen Xotak eta Juanito atezaina bikain aritu zen. 1-2 aurreratuta egon ziren irurtzundarrak, baina El Pozok berdintzea eta 3-2 aurreratzea lortu zuen. Eta igandeko lehian, nahiz eta El Pozori freskura falta izan eta MRA Navarra hobeki aritu, Murtziakoen jokalarien kalitatea nabaritu zen une erabakigarrienetan, eta 2-1 gailentzea lortu zuten, nahiz eta horretarako izerdiz busti behar izan. MRA berdintzeko zorian egon zen, baina zortea falta izan zitzaion eta kontrako atean asmatzea, gol aukera dezente izan baitzituzten. Aipatu beharra dago MRAko Jesulito izan zela partidako jokalaririk onena. Imanol Arregi kontentu zegoen bere jokalariek egindako lan bikainarekin, baina galdu izanagatik penatuta. El Pozoren golak MRAk defentsa akatsak egin izanagatik etorri zirela argi utzi nahi izan zuen, eta hasieran MRAk agindu zuela. "Euren atezain Juanjok eta ezkilak salbatu ditu, azken unean guk sekulako aukerak izan ditugulako. Taldea ausarta izan da eta bi taldeen arteko diferentzia kalitatea izan da. Eurek kobratzen dutena kobratzen dute, eta gure jokalariek beste gauza bat" adierazi zuen, El Pozoren jokalarien kalitateaz hitz egiterakoan. Nolanahi ere Iruñean egoera aldatuko dela espero du. "Egoera konplikatua da baina honi buelta emateko aukera handia dugu Iruñean. Pabilioia jendez gainezka izanen dugu eta hasieratik aterako gara irabaztera, eta lehen partida hori irabazi beharra dago nola edo hala. Egiten ari garenak meritu handia du, guztia ematen ari garelako. Ezin zaigu gehiago eskatu" nabarmendu zuen Irurtzungo entrenatzaileak. Ea Imanol Arregik arrazoi duen eta egoerari buelta ematen zaion. Iruñeko Pabilioia goraino beteko da Xota babesteko - sarrerak salgai daude Irurtzungo Xotako bulegoetan, 12:00etatik 14:00etara, 5 euroan - eta asteko tartea behar bezala errekuperatu eta etxeko partidetan dena emateko aprobetxatuko dute jokalariek. -3. partida: MRA Navarra - El Pozo Murcia (ekainak 5, larunbata, 18:00etan Iruñean)-4. partida: MRA Navarra - El Pozo Murcia (ekainaren 6an, igandean, 20:00etan Iruñean, beharrezkoa balitz)-5. partida: El Pozo Murcia - - MRA Navarra (ekainaren 9an, asteazkenean, 20:00etan Murtzian, beharrezkoa balitz)