Udalak saihesbidea berehala egitea eskatu du

Guaixe 2010eko ekainaren 9a

Irurtzungo Udalak idatzi baten bidez Herri Lan eta Komunikazio kontseilari Laura Albak maiatzaren 13an Parlamentuko batzordean esandakoak ukatu ditu. Orduko hartan kontseilariak Irurtzungo saihesbidea egitea atzeratuko zela aitortu zuen. Baina horrekin batera, esan zuen udal arduradunek trabak eta oztopoak jarri eta gobernuaren ekimenak geldiarazten zituztela.

Hori guztia gezurra dela esan du Irurtzungo Udalak. "2003an Nafarroako Gobernuaren, Udalaren eta Saihesbidearen Aldeko Plataformaren arteko adostasuna eta aurrekontua" zeudela gogorarazi du udalak. Gobernuak iritziz aldatu eta ordutik luzamendutan ibiltzea leporatu dio. Irurtzungo Udalak saihesbidea "berehala" egitea exijitu du. "Egitasmoa iazko abendutik egina du Nafarroako Gobernuak eta bera da hura egiteko arduradun bakarra. Udal gisa gure egitekoak bete ditugu lurra eskainiz, teknikariak haien esanetara jarriz, ideiak emanez eta departamentuarekin harremanetan jarriz".

Alba kontseilariak jakinarazi zuen saihesbideko lanak 2011n emanen direla. Orain arteko atzerapenaren erantzule departamentua egin du udalak. Udal ardura izan zuena zena zela ere, Irurtzundik beti esan diote gobernuari Oskia-Guliako aukera zela onena eta herri ondoko bidea zela bigarren  aukera. Irurtzungo Udala kexu azaldu da beranduago aurkeztu diren antzeko aurrekontua zuten saihesbide egitasmoak dagoeneko eginak daudelako.

Kronologia
- Leitzarango Autobia egitean Irurtzunek saihesbidea eskatu zuen.

- Sakanako Autobia egitean Irurtzunek saihesbidea eskatu zuen.

- Herriak hirigintza planteamenduaren bidez alternatiba bilatu zuen. 2003an onartu zen. Gobernuak egin duen proposamena da.

- 2003-2004an Gobernuak saihesbidea Izurdiagako trenbide pasarekin batera egitea proposatu zuen. Oskia-Gulia aukera zen interesgarriena eta 2007rako egitea onartu zen. Irurtzunek onartu egin zuen.

- 2005ean Nafarroako Gobernuak saihesbidea egiteko konpromisoa hartu zuen.

- 2006n Miranda kontseilariak parlamentuan esan zuen saihesbidea eginen zela, ziurrenik Oskia-Gulian.

- 2007ko maiatzan egitasmoa jendaurrean jarri zen. Irurtzunek Oskia-Gulia aukeraren alde egin zuen.

- 2007ko ekaina. Alegazioak aurkeztu ziren.

- 2008ko maiatza. Nafarroako Gobernuak, ezustean, 2003ko aukeraren alde egin zuen.

- 2008an Irurtzunek departamentuari saihesbidea egiteko autobia erabiltzea proposatu zion. Ia aztertu gabe, atzera bota zuen departamentuak.

- 2009ko ilbeltzaren 16an herriko saihesbidearen behin-behineko egitasmoa onartu zen.

- 2009ko otsailaren 24an udalak eta herritarrek alegazioak eta proposamenak aurkeztu zituzten.

- 2009ko abenduaren 30ean proiektua onartu zuen gobernuak.

- 2010eko maiatzaren 13an Alba kontseilariak dio lanak 2011n emanen direla.