Ametsa ez da bete, baina txapeldunak dira

Guaixe 2010eko ekainaren 6a

Handia. Oso handia da MRA Navarra Xotak aurten egindakoa. Krisia dela eta, Tatono Arregi irurtzundarrak kudeatzen duen klubak aurrekontua nabarmen jaitsi behar izan zuen eta taldeko jokalari izarrei -Joel, Lukaian, Pablo eta Dani Fernandez- uko egin behar izan zien, talde xumeagoa osatuz. Horrela, Imanol Arregi entrenatzaileak jokalari beteranoz eta gaztetxoz osatutako taldea sortu zuen, talde umila baina karaktere handikoa, helburu batekin: ohorezko mailari eustea. Baina hori baino askoz gehiago lortu du MRA Navarra Xotak. Hasieran zailtasun une batzuk pasatu zituzten, eta atzeko postuetan izan ziren, baina bigarren itzuli bikaina egin eta Ohorezko Mailako ligan zazpigarren sailkatzea lortu zuten, liga jokatzeko play off-etarako sailkatuz. Eta hori gutxi balitz, Inter Movistar eta Caja Segovia talde ahaltsuak bidean utzi eta finalak jokatzeko sailkatu zen Irurtzungo taldea, munduko talde onenetakoa den El Pozo Murcia taldearen kontra aritzeko. Bost partidatan talderik onena izango zen txapelduna.Aurreko asteburuan Murtzian jokatu ziren lehen bi lehiak. MRA Navarra Xotak bi partidak galdu zituen, baina El Pozo larri aritu zen irabazteko, MRA Navarraren maila izugarria izan zelako. Asteburuan errebantxa lortzeko aukera zuen Irurtzungo taldeak etxean; topera bete zen Iruñeko Pabilioi unibertsitarioan, eta ez zuen aukera galdu. Larunbateko partidan berdeak gailendu ziren 3-1, eta igandean laugarren partida jokatzea behartu zuen MRA Navarrak. Eromena piztu zen eta ametsa gauzatu zitekeen itxaropena piztu zen. Igandean, atzera ere, bete egin zen Iruñeko pabilioia eta zaleek Xota animatu zuten behin eta berriz. Baina kasu honetan ezinezkoa izan zen. 1-6 galdu zuten berdeek. Oso partida lehiatua izan zen, baina El Pozo Murcia hobe aritu zen eta bere bosgarren liga titulua eskuratu zuen. Hala ere, txapeldunak, txapeldunak, oe, oe, oe... Xota, Xota, Xota! oihuak MRA Navarrari eskaini zizkieten zaleek, zalantzarik gabe merezi zutelako. Izarrez betetako eta aurrekontu izugarriko talde ahaltsu baten kontra soilik galdu zuen MRA Navarrak. El Pozokoak irabazlearen trofeoa jaso zutenean txalo beroak jaso zituzten, baina Xotakoek txapeldunordeen dominak jaso zituztenean eurendako izan ziren "txapeldunak" oihuak. "El Pozok irabazi du liga, baina ez dut uste zale hauek izango dituenik" zioen Xotako Rafa Usinek. Eta hala da, zaleek dena eman zutelako MRA Navarra laguntzeko. Imanol Arregi, entrenatzaile bikainaGaltzeagatik triste zegoen Imanol Arregi entrenatzailea; baina jokalariekin oso kontentu zegoen, taldeak egindako lanarengatik harro. Gizon umila, eskerrik beroenak eman zizkien zaleei eta taldea babestu duten guztiei. "Historia egin dugu eta pabilioian dauden guztiak benetako txapeldunak dira. Ospatu beharreko gauza asko daude. Eskerrik asko guztiei, komunikabideei, taldeari eta zaleei bereziki. Hau ez dut sekula ahaztuko eta ea noizbait errepikatzeko aukera dugun" nabarmendu zuen. Areto futboleko munduan askok esaten dute Imanol Arregi irurtzundarra izango dela, akaso, entrenatzailerik onena. Xotako atezaina izan zen Imanol, eta atea utzi bezain pronto taldea entrenatzen aritu da, orain arte. Eskaintza handiak izan ditu, Xotak ekonomikoki eskaini ahal zizkionak baina handiagoak, baina beti bere herriko klubaren alde egin du. Eta talentu berriak deskubritzeko duen gaitasun itzela demostratu du beste behin ere Imanol Arregi entrenatzaileak, egindako fitxaketa guztiek, zilarrezko mailatik zetorren Jesulito edo Willian, esaterako, maila itzela eman baitute. Roberto Martil jokalari irurtzundarra ere bikain ibili da eta zer esanik ez Javi Eseberri kapitaina, Gascon, Parrel, Juanito, Araça, Usin, Robert, Uge, Cuco eta beste bezala. Ildo honetan, harmailetan zeuden zale batzuk txapeldunaren txapela helarazi zioten Roberto Martili, irurtzundarrak gustura jantzi zuena. Bestalde, entrenatzailearen anaia eta klubeko presidente den Tatono Arregi emozionatuta zegoen. "Jokalariek ahal dutena eman dute eta ezin zaie gehiago eskatu. Eskerrik asko guztiei, jokalariei, taldekideei, komunikabideei eta babesleei. Denei. Hau historikoa da, baina juntan lan egiten jarraitu behar dugu eta aurrekontua eta talde egitura mantentzeko lanetan jarriko gara berehala" azaldu zuen.