Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Oraindik ere Ohorezko mailako txapeldunordeak direla ospatzen ari dira MRA Navarra Xotakoak, baina juntakoak hurrengo denboraldia prestatzen eta lotzen buru-belarri dabiltza. Imanol Arregi entrenatzailearen kontratua despeditzen da eta berritzeko borondatea dute bi aldeek, baina hitz egitera eseri beharko dira. Ildo honetan, proposamen asko aterako zaizkio Arregiri, beti izaten dituelako eta aurten egin duen denboraldia dela eta, are gehiago. Jokalariei dagokienez, soilik Gasconi bukatzen zaio kontratua, baina Irurtzungo taldean jarraitzeko borondatea dute bi aldeek. Gainerakoek kontratua indarrean dute, baina nork daki zein mugimendu gerta daitekeen. 150 milioi pezetako aurrekontua mantentzea izango da klubaren lan inportanteena. Migel Rico y Asociados (MRA) babesle nagusiarekin duen kontratua despeditzen da, eta nahiz eta babesleak jarraitu nahi izan, ikusi beharko da zein nolako pisua izan nahiko duen hurrengo proiektuan. Babesleak lortzea konplikatua izango da, eta horretarako lan handia egin beharko du Xotak. Taldeari dagokionez, orain oporrak izango dituzte abuztu hasierara arte.