Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Supermotardean aritzetik abiadurara egin du salto denboraldi honetan Alex Mariñelarena pilotu irurtzundarrak. 17 urteko pilotua Espainiako Abiadura Txapelketarako baliagarria den Kawasaki Ninja Cup txapelketan ari da, Kawasaki ZS-6R 600cc motorrarekin. Asteburuan txapelketako bigarren lasterketa jokatu zen Jerezen, eta Mariñelarenaren progresioa ikusteko aukera izan zen. Lehen proban, Montmelón, hirugarrena izan zen irurtzundarra, eta Jerezen, aldiz, bigarrena. 20 pilotu aritu ziren Jerezeko zirkuituari 16 buelta emateko lehian. Nahiz eta irteera postuan edo pole-an Alex hirugarren tokitik atera, irteera nahiko kaxkarra egin zuen irurtzundarrak, eta horren ondorioz 7. edo 8. tokian geratu zen. Baina irurtzundarra gogor hasi zen lanean, eta gutxinaka-gutxinaka laugarren tokira erremontatzea lortu zuen. Aurreko postuetan lehia gogorra zegoen eta Alexek bigarren tokira aurreratzea lortu zuen, dena emanez. Erik Robles izan zen garaile izan zena, Alex Mariñelarena pega-pega zuela, eta biek 12 segundoko aldea atera zioten Antonio Rodas hirugarrenari. Montmeloko garaile Adrian Menchen lesionatuta zegoen, eta zazpigarren postuan atera eta gero laugarrenera erremontatzea lortu zuen. Sailkapen orokorrean Adrian Menchenek eusten dio lidergoari, 38 punturekin, baina bi puntu eskasetara Alex Mariñelarena dago. Kawasaki Ninja Cup txapelketako hurrengo lasterketa uztailaren 11n jokatuko da Aragoin, Alcañizen. Informazio gehiagowww.ninjacup.es (Alex Mariñelarena)www.cevbuckler.com (Alex Mariñelarena)