24 talde Irurtzungo 48 orduko txapelketan

Guaixe 2010eko ekainaren 18a

Areto futbola jaun eta jabe izango da Irurtzunen, 48 orduko areto txapelketa antolatu baitute Atakondoa kiroldegian Aluminios Erbiti areto futbol taldean ibiltzen diren jokalariak. Txapelketa ederra antolatzea zen asmoa, bertan lehiatu eta asteburu polita pasatzeko. Taldeak erakartzeko sari ederrak emango dituzte, eta badirudi ekimenak arrakasta izan duela, 24 taldek eman baitute izena. Taldeak Sakanakoak eta Lekunberri aldekoak dira, baina gehienak Iruñekoak. Horretaz gain, Gasteizeko talde on bat hurbilduko dela adierazi digu antolatzaileetako batek, Iraitzek. "Halako txapelketa antolatzen dugun lehen aldia da. Kosta egin zaigu taldeak erakartzea, baina behin lotuta orain gustura gaude" dio Iraitzek. Txapelketa ostiralean hasiko da, arratsaldeko zortzietan, eta larunbateko gaueko 12:00ak arte segidan jokatuko da, atsedenik gabe. Larunbat gauean atsedenaldia eginen da eta igandean, goizeko 10:00ak aurrera final laurdenak eta finalerdiak jokatuko dira. Final handia arratsaldeko zazpietan jokatuko da. Txapelketa jokatzen den bitartean tabernatxoa izango dute zabalik Atakondoa kiroldegian, gauean baita ere. SariakTalde txapeldunak: 1.300 euroBigarrenak: 700 euroHirugarrenak: 200 euroLaugarrenak: 200 euroAtezain onenak, jokalari onenak eta pitxitxiak: trofeo banaTalde guztiek trofeoa jasoko duteOlaztiko txapelketa bertan beheraOlaztiko udalak eta Erburua kiroldegiak areto futbol txapelketa antolatuta zuten larunbaterako, baina txapelketa bertan behera gelditu da talde gutxik eman dutelako izena. Taldeei Irurtzungo txapelketan aritzeko eskaintza egin zaie.